Ehiztari aunitz baina diru gutti mugitu zuen Etxalarko Usategietako enkanteak

TTIPI TTAPA 2011ko irailaren 5a

Etxalar eta Sarako udal ordezkariak, irailaren 4ko sinadura ekitaldian. Joxema IRIGOIEN

Sara eta Etxalarko Udalek usategietako hitzarmen berria sinatu zuten irailaren 4ean

Etxalarko Usategietako ehiza postuen enkantea egin zen irailaren 3an eta, sexteoa egiterakoan kopurua igotzen ahal bada ere, lehen enkante honetan 34.055 euro jaso zituen Etxalarko udalak. Ehiztari aunitz, normalean baino gehiago bildu zen Etxalarko Herriko Etxean larunbat eguerdian, baina diru gutti mugitu zuen.

Etxalarko Usategietako ehiza postuen enkantea egin zen irailaren 3an eta, sexteoa egiterakoan kopurua igotzen ahal bada ere, lehen enkante honetan 34.055 euro jaso zituen Etxalarko udalak. Ehiztari aunitz, normalean baino gehiago bildu zen Etxalarko Herriko Etxean larunbat eguerdian, baina diru gutti mugitu zuen.

Hasierako prezioa bakar-bakarrik lau postutan hobetu zen eta horietan 3.880 euro gehiago eman ziren, baina bertze bi postu hutsean gelditu ziren eta gainerako 21 postuak hasierako prezioan eman ziren.

Miguel Mari Irigoien alkateak gidatu zuen enkantea, idazkariak eman zuen baldintzen berri eta Joxe Angel Goienetxe udal langileak eta usategietako guardak hasierako prezioa jakinarazi eta hori bete edo hobetzen duen norbait ba ote zegoen galdetu zuen.

Lehenbiziko postutik seigarrenera arte, hasierako prezioa ordaindu zuten Etxalarko Ehiztari Elkartekoek. Izan ere, aurten arte postu horiek ez ziren enkantera ateratzen eta zuzenean ematen zitzaizkien elkartekoei. Aurten, Herriko Etxeko talde independienteak eta Etxalar Aintzinera taldearen botuekin hartutako erabakiarekin, bertzeak bezala enkantean paratu dira.

Zortzigarren postua, parapetoa, izan zen enkantean hobetu zen lehena eta hasierako prezioa baino 220 euro gehiago ordaindu ziren. Hamargarren posturengatik 770 euro gehiago ordaindu ziren eta 12. postuan izan zen borrokarik handiena, hasieran galdetutakoa baino 2.040 euro gehiago ordaindu baitziren eta 13. postuarengatik 850 euro gehiago. 17 eta 18 postuak hutsean gelditu ziren eta gainerakoak, behin behinekoz hasierako prezio berean eman ziren.

Behin betiko adjudikazioa sextaren zain gelditzen da orain. Ehiztariek ortzirala bitarteko epea izanen dute prezioak seitik batean igotzeko. Hori gertatuko balitz, heldu den asteartean, irailaren 13an eginen litzateke enkante berria eta hutsean gelditu diren postuak ere berriz aterako lirateke.

 

Sara eta Etxalarko Udalen arteko hitzarmena

Bertze aldetik, irailaren 4ean Etxalarko Usategia, hasi Ibantelitik eta Hiru Muga bitarteko eremuan, bere osotasunean eta integralki ordenatzeko hitzarmena sinatu zuten Sara eta Etxalarko Herriko Etxeek. Horretarako, dokumentatu egin dituzte usoak Etxalarko sareetara hurbiltzeko Sarako dermioetan dauden bederatzi trepak.

Migel Mari Irigoien eta Jean Battite Laborde, Etxalar eta Sarako alkateek sinatu zuten agiria. Irigoienek aipatu zuenez, “hemendik aitzinera dokumentu honekin errespetua eman nahi diegu bai inguru hauetan ibiliko diren mendizaleei, baita sareetan ariko diren usazaleei, baita eskopetarekin arituko diren ehiztariei ere, den-denak gaur egun indarrean dagoen ehizaren legearen barrenean daudelako. Modu berean, mendizale, usazale eta ehiztariei ere, ingurumenarekin eta legez babestuak diren hegaztiekin errespetua izateko eskatu zuen Etxalarko alkateak, “inguru hauek eder eta garbi mantentzea gu guztion egitekoa delako”.

Sara eta Etxalarko Herriko Etxeek sinatu duten hitzarmen honekin konpromisoa hartu dute aipatutako guzti hau ongi kudeatzeko eta Miguel Mari Irigoienek aipatu zuenez, “Ibantelli eta Hiru Muga arteko paraje eder honetan ibiltzen diren mendizale, usazale eta ehiztarien artean errespetua eta sosegua egon dadila da nere desioa”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun