Koteko Ezkurra doneztebarrak hamekagarren aldiz jantzi du erremonteko buruz buruko txapela. Irailaren 3an, Hernaniko Galarreta pilotalekuan jokatu zen finalean 30-22 irabazi zion faborito atera zen Migel Mari Urrutia saldiastarrari.
Doneztebekoak hamaikagarren txapela eskuratu zuen hamalaugarren finalean. 1995ean lortu zuen lehena, eta larunbatean, hamasei urteren ondoren, bere palmaresa handitu zuen. 38 urte dituen arren, sasoi onean dagoenean jokoan ez du parekorik Kotetok. Gainera, esperientziari esker, tentsioari eusten asmatzen du horrelako partidetan. Hasieratik hartu zuen aurrea markagailuan. 3-2kotik aitzinera beti aitzinetik joan zen doneztebarra.
Hasieran huts gehiegi egin zuen Migel Mari Urrutia Saldiasko atzelariak; partidatik kanpo zegoela zirudien, eta huts horiei buelta eman ezinik ibili zen gero. Erreakzionatu zuenerako, Ezkurra 30etik hurbil zegoen. Partida hasieran xehetu zuen Doneztebekoak. 8-4koarekin sakez bortz tanto egin zituen segidan, eta 6-0eko partziala lortu zuen, hamar tantoko aldea lortuta (14-4). Hortik aitzinera, lasai jokatzen segitu zuen Ezkurrak, era guztietako tantoak eginez: bi paretak, dejadak, atzean edo sakez. Beti lasaitasunez jokatu zuen Doneztebekoak. Saldiaskoa pixkanaka-pixkanaka partidan sartzen hasi zen, 14-5ekoarekin, batez ere. Bi pilotakada bikainen bitartez, tanto izugarria egin zuen, Ezkurrak eginiko huts bati esker. Tanto horrek morala eman zion, galduta zirudien partida irabazi ahal izateko. Ondorengo hiru tantoak segidan egin zituen, markagailuko aldea murrizteko. Ezkurra tentsio gabe jokatzen ari zen tarte horretan, eta hori eskatzen zion Iñaki Gaztelu laguntzaileak.
Markagailuan 22-19ra arte hurbildu zen arren, Ezkurrak bere jokoari eutsi zion, lasaitasunez. Sakea berreskuratu zuenean, lau tanto egin zituen segidan, eta 27-20 paratu zen aitzinetik. Eskura zeukan partida.
Tomas Rekondo lesakarrari eskainia
Ezkurrak gustura akitu zuen partida. “Hasiera garrantzitsua izan da. Sakez min handia egin diot, eta abantaila polita lortu dut. Gero beherakada izan dut jokoan, baina sakea berreskuratu bezain laster buelta eman diot. Tarte horretan lasaitasuna mantentzea beharrezkoa izan da garaipena lortzeko”, adierazi zuen Doneztebekoak. Garaipena Tomas Rekondo Lesakako lagunari eskaini zion: “Lagun mina dut. Harreman handia daukat berekin, eta beti laguntzen dit. Beretzat da txapel hau”.