Nafarroakoan egin zuen bezalaxe, Euskal Herriko 10. Herriarteko pilota txapelketa ere nagusitasunez irabazi zuen Doneztebek uztailaren 22an Muskizen (Bizkaia). Gipuzkoako txapelduna, Hernani izan zuten arerio doneztebarrek eta bi lehenbiziko partidak, kadete eta jubenil mailakoak, irabazita, txapela segurtatu zuten.
Hasieratik pentsatzen zen bezala, kadete mailako partidak erabakiko zuen finala, bertze bi kategoriatan garaipen nahiko argiak espero baitziren. Unai Telletxea eta Joseba Aldabek garaipen garbia lortu zuten Altuna anai bixkien kontra. 22 eta 9 nagusitu ziren.
Jubenil mailan, Mikel Maia eta Adur Lasak garaipen erabakigarria lortu zuten, Lujanbio eta Murgiondori 22 eta 10 irabazita. Errekakoa 3-0 irabazten joan baziren ere, hernaniarrak 11-10era hurbildu ziren. Baina nafarrak 13-10 irabazten ari zirela, gipuzkoarren aurrelariak min hartu zuen belaunean eta hortxe hautsi zen partida.
Honela, handien partida jokatzeko bazekiten doneztebarrek txapeldun izanen zirela. Beñat Oronoz eta Joseba Madariagak 10 eta 22 galdu zuten Hernaniko Ojuel eta Gorrotxategiren kontra. Gainera, Oronozek min zuen aldakan eta ezin izan zuen bere jokurik onena erakutsi.
Kontuak kontu, denboraldi historiko bati bukaera eman diote Doneztebekoek, lehen aldiz Nafarroako eta Euskal Herriko Herriartekoa irabazi baitute eta Berria txapelketan ere hirugarren izan dira. Sari banaketan, Miguel San Miguel Doneztebeko alkatea eta bertze udal ordezkari batzuk izan ziren, baita Miguel Angel Pozueta, Nafarroako Kirol Institutuko zuzendaria ere.
Patxi Ordoki Doneztebeko prestatzailea kontent agertu zen txapelarekin eta heldu den urterako eskakizun maila handituko dela onartu zuen. Nafarroan pilotaren alde lanean ari diren guziei eskaini zien garaipena.