Gobernuaren behin betiko onarpenaren zain dago Udalaren Hirigintza Plana

Ttipi-ttapa 2011ko irailaren 1a

Gobernuaren onarpena behar du Udalak Hirigintza Plana behin betiko indarrean sartzeko. Artxiboko argazkia

Ingurumen Eraginaren Deklarazioa jaso du Gobernutik

DATUA

10.000 METRO KOADRO eskatuko dira lurzoru urbanizaezinean etxebizitza eraikitzeko, beti ere, Hirigintza Plan berria onartzen denean.

Azken urte hauetan Hirigintza Plan berriarekin ibili da lanean Udala. Horretarako hasierako azterketa ere egin zuen eta orain, lau urte pasatu direnean, indarrean sartzeko prozesuak aitzinera segitzen du.
Maiatzean behin behineko onarpena eman zitzaion eta joan den abuztuan Ingurumen Eraginaren Deklarazioa ere hartu zuen, Nafa­rroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak emana. Behin betiko onartua izateko Lurraldearen Antolaketa eta Etxebizitza Departamentuaren baietza behar du, eta hori da orain­ falta zaiona.
Behin onartuta, Hirigintza Planak ekarriko duen aldaketa nagusia lurzoru urbanizaezinetan etxebizitzak eraiki­tze­rakoan izanen da. Izan ere, orain arte lurzoru urbanizaezinetan etxe­bizitza eraikitzeko 1.500 metro koadro eskatzen ziren, baina Hirigintza Plan hau onartuz gero, 10.000 metro koadroko eremua eskatuko dira, zonalde gu­tti batzuetan izan ezik. Eta horrekin batera, lehendabiziko etxebizitza izatea eskatuko da, alegia, hor bizi­tzea ezinbertzekoa izanen da.
Bertzalde, etorkizunean saihesbide bat egiteko aukera ere aztertu da aipatu planean. Noizbait egiten bada, Nafa­rroako Gobernua izanen da nondik egin erabakiko duena baina planean landatik goiti, mendiaren kontra egitea proposatu da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun