GASNA FERIA
«Eskualdean egin zen lehena izan zen eta 29 gasna aurkeztu ziren lehiaketara»
Axun Maia, Altxatako kidea.
DATUA
150 ARGAZKI LEHIAKETAN. Epaimahaiaren lehen saria: Irati Lujuaren Dantzariak lotsak agerian. 2. saria: Garazi Lujuaren Txantxangorria. Publikoaren 1. saria: Sega mehetzen (Ana Indaburu). 2. saria: Santa Kruzeko zubia (Itsaso Elizagoien).
1991ko otsailaren 24an sortu zen Altxata Kultur Elkartea Etxalarren, Bide Ona ikastola itxitzerakoan. Ikastolaren inguruan zebilen jendearen artean, euskal kulturaren inguruan indarrak kultur elkartean bildu zituzten eta gaur gaurkoz, kulturarekin eta kirolarekin zerikusia duten ekitakldi gehienak Altxataren eskutik pasatzen dira Etxalarren. 50 dantzari baino gehiago biltzen duen dantza taldearen ardura dauka elkarteak. Orain irakasleak kanpokoak badira ere, urteetan borondatez aritutakoak dira Emma Sanzberro, Mirari Ansalas, Maria Astier eta Itziar Iriarte, orain Anabel Arburua dabilen bezala.
Hogei urtez herriko haurrek izan dute pilota eskolan ikasteko aukera. Herritik kanpo ere txapelketa frankotan parte hartu izan dute Bortzirietan eta Belate Torneoetan ere. Beti irakasle nekaezina izan dute bere ondoan, Joxe Mari Maia eta dagoeneko gure artean ez dagoen Joxe Mari Arburua, urteetan bere ondoan izan zuena. Inguruko bideak, mendiak eta bazterrik ederrenak ezagutarazten ere ibili dira Joxe Mari Arburua eta Periko Berrueta. Hogei urtez 200 bat mendi irteera ere eginkatu dituzte eta oraindik ere ateraldi horietan parte hartzen dute oraindik ere herriko, haur, gazte eta helduek. Kirol arloan, 1994 eta 1995ean mendi bizikleta ibilaldiak ere antolatu zituen Altxatak eta Kakapirri futbol taldeak ere bere ibilaldia egin zuen.
Gasna Feria
Baina Altxata elkarteak urtez urte antolatzen duen ekitaldien artean garrantzitsuena Gasna eta Artisau Feria da, 18 edizio bete dituena. Altxata elkarteko Axun Maiak aipatu digunez, «orduan batzordean zegoen Lurdes Indaburu eta EHNEn lan egiten zuenez, bazituen kontaktuak gasnagileekin eta honela sortu zen ideia, eskura zegoen gaia zen. Eskualdean egin zen lehena zen eta lehenbiziko urtean 29 gasna aurkeztu ziren lehiaketara. Arrakastatsua suertatu zen eta horretan segitu dugu. Egun hau gure eskualdean erreferentzia bat bihurtu dela uste dugu».
Banaz bertze urtero 20 gasna aurkezten dira lehiaketara, eskualdean egin den lehen ardi gasna lehiaketa izan da eta eskualde osoa hartzen duen bakarra. Eskulangileak ere klase guzietakoak eta Euskal Herri osotik ekarri izan dira, 16 bat urtero. «Saiatzen gara ahal bezain gutti errepikatzen, nahiz eta nahiko modu finkoan etortzen direnak ere baditugun…».
Lehendik datozen ospakizunetan ere lekukoa hartu du Altxata elkarteak. Honela, inauterien antolaketa Altxataren esku dago oraindik eta elkartetik onartzen dutenez, «bereziki honengatik dira guretzat hain garrantzitsuak kide gazteak. Eta gainerako gai guztietan ere beren ikuspuntua beharrezkoa dugu». Etxalarren betidanik ospatzen den Usategietako Igandean edo inguruan ere urte luzez lan egin du Altxatak, ekitaldiak antolatu edo plazan ostatua paratuz. «Hasieran ikastolarako dirua lortzeko paratzen zen eta orain dantza taldearen gastuetarako», aipatu digute.
PELLO APEZETXEA, OHIKO BAZKIDE BAT BAINO GEHIAGO
Makila eta zapela euskararen zaindariarendako
Altxata elkarteak Pello Apezetxearen lana eskertu nahi izan zuen 20. urteurrenaren ekitaldietan. Herriko erretorea «ez baita bertze edozein kide», Altxatak Aginte Makila eman zion, «baina ez diogu agintari moduan eman nahi, bide erakusle moduan baizik. Hori izan baita Pello». Ez zen oroigarri bakarra izan. Honela, baserritarren ordezkarieak Lurriztiederra, Urritzokieta, Gorosurreta eta Larrapil-Sarriku auzoetako bideak egiteko Pello Apezetxeak egindako lanak eta dirulaguntza eskaerak gogorarazi zituen. Txistulari taldeak ere kantu pare bat eskaini zizkion, apezak berak eman baitituen lehen txistu klaseak. Garbiñe Maia eta Xabier Etxartek Aurreskua ere dantzatu zioten Pellori. Usoa Nekazari Koperatibaren sortzaile gisara ere oroigarria jaso zuen. Euskaltzaindiako Andres Iñigok, Pello Apezetxeak erakunde honetan egindako lanak goraipatu zituen, ohorezko euskaltzain ere baita Etxalarko apeza. Eskolan euskara ikasten ez zen garaian, hamabost ikasturtez Etxalarren izan zen Bide Ona ikastola sortzen egindako ahalegina ere eskertu zioten, baita euskaraz alfabetatzen edo Euskara Batzorde eta Mankomunitatean egindako lanak ere. Ttipi-Ttapa aldizkarian ere hainbat lan egina da Pello Apezetxea, herriko berriemaile edo erredakzio taldeko kide bezala eta gaur egun Ttipi-Ttapa Fundazioko presidentea da. Gainera, Etxalarri buruzko liburuak eta argitalpenak karrikaratuak ditu eta gaur eliz atarian hain dotore ageri diren hilerriak berreskuratzen egindako lana ere goraipatu zen. Guraso Elkarteak eta Etxalarko Udalak ere oroigarri bana eman zioten eta denen borondatea laburbilduz, Bortzirietako IKA euskaltegikoek txapel dotore bat jantzi zioten, Pello, euskararen zaindari zioena.
AXUN MAIA ETA GARBIÑE MAIA, ALTXATAKO KIDEAK
«Etxalarrek gaur egun duen kultur errealitatearen hezurdura Pello Apezetxeari zor diogu»
Nola eta zergatik sortu zen Altxata elkartea?
Ikastola izan zen Etxalarren, 1976tik 1991ra. Larraburuan izaten zen eta Haur Hezkuntza eskaintzen zen, hiru urte egiten zituzten eta gero erdal eredura pasatzen ziren, orduan bertzerik ez zelako. Baina ikasle kopuru batetik beheiti Nafarroako Gobernuak dirulaguntzarik ez zuela emanen jakinarazi zuen eta eraman ezina zen. Gainera, eskolan ere D ereduarekin hasi ziren. Orduan, ikastolaren inguruan baziren giza baliabide batzuk eta diru bat, eta euskal kulturarekin lotutako zerbait egitea proposatu zuen Pello Apezetxeak. Zehazki, 1991ko otsailaren 24an sortu zen Altxata elkartea.
Zein da antolatzen dituen ekintzen artean garrantzitsuena?
Gasna Feria, dudarik gabe. Guri esfortzu gehien suposatzen diguna behinpin hori da. Egun intentsoa izaten da eta aitzinetik egin beharreko prestaketak, gauza bat dela, bertzea dela, luze joaten dira. Parte hartzen ere jende aunitz mugiarazten du: 16 eskulangile etortzen dira urtero.
Etorkizunera begira, egitasmo berririk baduzue?
Aurten, Altxata Egunaren aitzakiarekin argazki lehiaketa egin dugu lehen aldiz eta izan duen arrakasta ikusita, 150 argazki aurkeztu baitziren, segida izan dezakeela ere pentsatu dugu. Urtetik urtera egiten ahal den zerbait da, gai ezberdinak jarriz… Buelta batzuk ematen ahal zaizkio. Altxata Egunari segida emanen diogun edo ez diogun ez dakigu. Aurtengoak hagitz arrakasta handia izan du, baina Pelloren omenaldia zegoen tartean eta hori gauza handia zen.
Zertan aldatu da Altxata elkartea 20 urteotan?
Bazkide kopuruan pixko bat goiti egin dugu. Hasieran 100 bat bazkide izanen ziren eta, nabarmen ez, baina pixkanaka goiti egin dugu, 140 bat izatera ailegatu arte. Hasierako helburuak berdin mantentzen dira, euskal kulturaren inguruan lanean aritzea. Hainbat arlotan egin da hori eta kontent egoteko moduan gaude.
Omenaldia eskaini diozue Pello Apezetxeari. Zergatik?
Altxata egunean agertu ziren hainbat arrazoi eta seguru ez genituela denak ukitu. Bereziki euskal kulturan egin duen lan izugarria eskertu nahi izan genion. Pello han zegoen ikastola sortu zenean, Pello han zegoen ikastolatik kultur elkartera pasatu zenean, herri honetan gaur egun duen errealitatearen hezurdura Pello Apezetxeari zor diogu. Altxataren sortzaileetako bat eta bazkide arrunt bat baino aunitzez gehiago da.