Nondik etorri zaizu Cirque du Soleil-en parte izateko eskaintza?
Orain arte Iñaki Dieguezek egiten zuen lan hau. Nire irakaslea izandakoa da. Berak komentatu zidan postua libre geratuko zela eta zirkoak casting epea zabalduko zuela. Aurkeztera animatu ninduen eta zortzi akordeoilariren artean aukeratua izan nintzen. Inoiz ez nuen pentsatuko zirko batean lan eginen nuenik eta gutxiago Cirque du Soleil bezalako batean.
Maiatzetik zaude bertan. Nolakoak izan ziren lehen egunak?
Orain Chicagon nago, baina lehendabizi Montrealera joan nintzen. Zirkoaren egoitza nagusia han dagoelako. Aste beteko ikastaro bat eman zidaten. Emanaldietarako nola makilatu irakatsi zidaten. Ikuskizunerako jantzia egin zidaten eta ondotik Minneapolisera joan nintzen zirkoa une horretan han zegoelako.
Zenbat denboran ibiliko zara herrialdez herrialde?
Hasera batean urte eta erdirako bira eginen dut. Baina nork daki, agian denbora gehixeago ere egonen naiz. Gure ikuskizuna Amerikan egiten dena da eta leku berean bi hilabete egiten ditu gehienez. Chicagon pasako dugu uda guztia. Udazken aldean Calgaryra joanen gara eta eguberrietarako Mexikon egonen gara.
Nolakoa da eguneroko martxa?
Goizetan nahiko libre egoten naiz eta nire gauzak egiteko aprobetxatzen dut. Normalean zirkoan bazkaltzen dut eta ondotik soinu probekin hasten gara. Gero ikuskizunerako makilatu eta jantzi egiten gara. Egunean bi emanaldi izaten ditugu eta bakoitzak bi ordu eta erdiko iraupena du. Lehenengoa arratsaldeko lauretan izaten da eta bigarrena iluntzeko zortziretan.
Zerk harritu zaitu gehien?
Zirkoak aspektu guztietan duen maila ikaragarria da. Mundu osoko ikuskizunik handiena da. Lanean ari garenen arteko giro eta harremana oso ona da eta uste dut hori jendeak nabaritzen duela. Azken batean familia haundi bat baikara.
Zer da Euskal Herritik gehien faltan botatzen duzuna?
Zirkoan oso sukaldari onak ditugun arren, amaren bazkari goxoez asko oroitzen naiz. Familia eta lagunak ere faltan botatzen ditut eta nola ez, bestak ere bai.
Cirque de Soleil-ra joan aurretik nolako lanak egin zenituen akordeoiarekin?
Hendaiako eta Hondarribiko dantza taldeetan akordeoilari gisa ibili izan naiz. Agorreta Musika eskolan ere akordeoi eta musika hezkuntzako irakasle gisa ere aritu nintzen. Txapelketa askotan parte hartu dut. Eta akordeoiaren teknikaren inguruko kurtsoak egin ditut Iñaki Dieguez, Jacques Mornet, Frederic Deschamps, Luciano Biondini eta Ane Landaren eskutik.
Zer da akordeoia zuretzat?
Hobbya izateaz gain, lana bihurtu den pasioa da. Oso gustuko dut akordeoia jotzea, sentimendu politak eta onak sentiarazten dizkit. Jende aurrean jarrita urduritasun puntuarekin egon arren lasaitu eta gozatu egiten dut. Oso instrumentu fina da eta aukera asko ematen ditu. Bakarlari moduan edo taldean jo baitaiteke musika estilo desberdinak konbinatuz.