Trikitixa doinuek alaitutako afariarekin hasi ziren aurtengo festak abuztuaren 14an. Biharamun goizean, Meza Nagusia izan zen eta arratsaldean, berriz, hiru herritarren artean aizkora apustua jokatu zen: Martin, Moises eta Jabier aritu ziren nor baino nor eta lehenengoa nagusitu zen, pare bat aizkora golpeko aldearekin. Adineko batzuen arabera, herritarrek jokatutako azken proba duela 45 urte egin zen, bost lagunen artean.
Ekitaldi arrakastatsua izan zen, jende asko hurbildu baitzen ikustera, eta seguru aski festetako ekimenik jendetsuena izan zen. Musikarik ere ez zen falta izan eta biharamunean herriko gazteek herri kirol saioa egin zuten. Afari eder batekin eta ondorengo festarekin eman zioten egunari bukaera.
Azken egunean herri bazkaria egin zen eta hemen 92 lagun elkartu ziren. Aurten lehenengo aldiz, Udalak 65 urtetik gorakoak gonbidatu zituen, eta hemendik aurrera ere hala egitea espero dugu.
Baina ia ez da inor ohartzen horrelako ekitaldien atzean herritar askoren lana dagoela. Herri bazkaria, adibidez, Jose Luisek antolatua egiten da, bost lagunen laguntzarekin.
Ciprianoren lanak ere aipamena merezi du, aizkora probetarako egurrak berak prestatzen baititu. Zuhaitzak bota, zuzentu, bere erremolkean frontoira ekarri eta behar den bezala jarri... Berak egiten du, Migel, Txuma eta abarren laguntza du.
Eta herri kirolak prestatzen dituztenetaz ere ezin gara ahaztu, eta ondotik arazorik gabe dantza egiteko frontoia garbitzen dutenetaz ere ez. Guztion izenean, zorionak eta eskerrik beroenak.