Aurtengo Amabirjinetatik zerbait nabarmentzekotan, beharbada, jendearen parte-hartzea izan daiteke, eta bereziki herriko jendearena. Antolatutako ekitaldietan erantzun ona eman baitute herritarrek.
Hortaz aparte, egitarautik kanpo ere izan dira gauzak, eta eskertzekoa da jendearen borondatea. Horren adibide da Petriseneko hiru anaiek Haurren Egunean egindakoa: suzko zezenarekin, toreroa eta asto gainean pikatzailea han atera ziren.
Nabarmentzekoa da, arbola altxatzea eta botatzea bereziak izan direla aurten. Lehengo estilo zaharrean lekutu zen plazatik: arpanekin eta gisako tresnekin bota zuten, eta autoz edo traktorez eraman beharrean, ekarri bezala, bizkarrean hartuta lekutu zuten.
Amabirjin Egunean, Meza Nagusiaren ondotik, duela 40 urte herritik kanpora ateratzen hasi ziren joaldunak izan ziren protagonistak. 1971ean Errenteriko Madalenetara joan zirenak eta urte berean, festetan meza ondotik joaldunen desfilea egiten hasi zirenak omendu ziren.
Haurren Egunean, Guraso Elkarteak Eskola ttikietan hezkuntza duina eskatuz egindako boletoen zozketa egin zen. Lehenengo saria (589 zenbakia) Edurne Santesteban herritarrarentzat izan zen; Altxunea erretegian bi lagunendako afaria irabazi zuen. Bigarren saria (345) Oihana Mindegia aurtiztarrak eraman zuen, etxeko produktuen saskia. Lerro hauen bidez, gurasoek eskerrak eman nahi izan dizkie jendeari.
Gainerakoan, asteak joan eta etorri, entsaioetan ibili ondotik, festetako azken egunean gure dantzariek eskainitako emanaldia ere polita izan zen.