Estatutuetan aldaketa batzuk egitea proposatu du Arkupeak elkarteko zuzendaritza batzorde berriak

Ttipi-Ttapa 2011ko abuztuaren 29a

Hainbat jarduera antolatzen ditu Arkupeak Elkarteak. Argazkikoa uda honetan egin duen atautxi eta amatxien egunekoa da.

Horrez gain, Fundazio bat sortu nahi du finantza jarduerak martxan paratzeko

Hiru batzorde bereizi ditu Arkupeak Elkarteak: batzorde ekonomikoa eta bidaiak alde batetik, instituzio eta hedabideekin harremanak bertzetik, eta gizarte eta kultur garapena azkenik. Horrez gain, Fundazio bat ere sortu nahi du finantza jarduerak martxan paratzeko.

Arkupeak elkarteko zuzendaritza batzorde berria lanean hasia da eta dagoeneko hainbat jarduera eta ateraldi prestatu ditu hurrengo hilabeteetarako. Horrekin batera, zenbait aldaketa ere proposatu ditu. Estatutuetan zenbait aldaketa egin nahi ditu eta horietako bat, zuzendaritza batzordeko kideen kopuruan egin nahi du. Izan ere, legeetan 40 kideko zuzendaritza ageri da, eta nahiz eta gero hori ez den horrela izan, estatutuetatik kendu egin nahi da hori. Orain arte bezala, gaur ere bederatzi kide dira zuzendaritzan. Urritik aitzinera, administrari bat ere kontratatuko da lanaldi erdirako.

Bertzalde, hiru batzorde bereizi dira: batzorde ekonomikoa eta bidaiak alde batetik, instituzio eta hedabideekin harremanak bertzetik, eta gizarte eta kultur garapena azkenik. Aipatu, bazkideek bankuko datuak ematea ere ezinbertzekotzat jo duela zuzendaritzak, hartara kobrantzak egiterako orduan arazoak saihestu nahi dira.

Orain arte, antolatzen zen bidaia bakoitzeko, oharrak bidaltzen ziren bazkideei. Orain, ordea, hiruhilabetero edo sei hilabetetik behin boletin informatiboa kaleratuko da eta han agertuko da bidaien berri, datak eta prezioak barne.

Zuzendaritzak esku artean darabilen bertze kontua Fundazioa sortzearena da. Elkarteak Fundazio bat sortu nahi du eta horrekin, finantza jarduerak paratu nahi ditu martxan. Aholkularitza ere antolatu nahi da, gai fiskalak, testamentuak, donazioak, pentsioak, jubilazioak atzerrian… Gisako gaien inguruan bazkideei laguntzeko. Aldi berean, boluntarioen laguntza ere garrantzitsutzat jo du zuzendaritzak, eta hala, osasun arazoak, arazo ekonomikoak edo bertzelako beharrak dituztenei laguntza eman nahi zaie.

Elgorriagako bainuetxearen proposamenak

Arkupeak elkarteko bazkideei eskaintza bereziak eginen zaizkiela erranez, eskaintzak egin dizkie Elgorriagako bainuetxeak. Akordioa lortu dela zabaldu bada ere, Arkupeak-eko zuzendaritzatik baieztatu digutenez, oraindik proposamenak baino ez dira eta ez dago deus erabakia.

Madril eta inguruetara bidaia

Irailaren 16tik 23ra Madril aldera joateko ateraldia antolatu du Arkupeak Elkarteak. 71 lagunek eman dute izena, baina oraindik 14 edo 7 logela bikoitz libre gelditu dira. Horiekin autobus berria antolatu nahi da. Hala interesa dutenek bertze aukera bat izanen dute 948 450878 telefonora deituta, 10:00etatik 12:00etara. Irailaren 9a izanen da horretarako azken eguna.

Bazkideentzako prezioa honako hau da: 620 euro logela bikoitzean eta 825 euro banakakoan. Bazkide ez direnentzat berriz, 670 euro logela bikoitzean eta 875 euro banakakoan.

Mus txapelketa

Mus txapelketako finala irailaren 9an jokatuko da Elgorriagako bainuetxean. 10:00etan hasiko da eta aperitiborako atsedenaldia egin ondotik, 14:00etarako akituko da. Hainbat sari banatuko dituzte: irabazleek txapela, trofeoa eta sei botila ardorekin kutxa eskuratuko dituzte; azpitxapeldunek, berriz, trofeo eta hiru botila ardo. Hirugarren eta laugarren postuan sailkatzen direnek trofeoa eta bi botila ardo eskuratuko dituzte. Gainerako parte hartzaileek botila ardo bana eskuratuko dute. Sariak Iruñeko Nafarroa Trofeoak emandakoak dira eta ardoa, berriz, Iñurrieta Bodegak emandakoak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun