Uztailaren 8an sendagai-hautsen zakuak zeramatzan kamioi batek Iruñea aldera zihoala su hartu zuen, eta azpiegituran kalte larriak eragin zituen. Geroztik, itxita egon dira Belateko eta Almandozko tunelak. Baina, joan den ortziralean jakinarazi zuen Nafarroako Gobernuak irailaren 15ean, 09:00etan berriz irekia egonen dela.
Bitarte honetan, istripuak eragindako kalteak konpontzeaz gain, Gobernuak adierazi duenez, “prebentzio-izaerako jarduerak egin dira bi tuneletan, era horretan, epe laburrean trafikoari gehiago eragin ez diezaion”. Azpiegitura konpontzeko lanak Mariezkurrena Eraikuntzak (egitura berriz eraiki du) eta SICE SA enpresek egin dituzte. Azken horrek, alde batetik, suteak kaltetutako materiala desmuntatu eta kendu du eta bertzetik, kaltetutako segurtasun-sistema guztiak konpondu ditu.