Euskal Herriko Orga Joko Txapelketan parte hartuko dute Xabier Galarregik, Lazaro Bujanek eta Joseba Petrirenak igandean

Ttipi-Ttapa 2011ko abu. 26a, 16:24

Etxalartarra, leitzarra eta beratarra Arazurin izanen dira, 13:00etan hasiko den saioan

Eskualdeko hiru ordezkari izanen ditu Euskal Herriko Orga Joko Txapelketak igandean: Joseba Petrirena beratarra, Lazaro Bujan leitzarra eta Xabier Galarregi etxalartarra. Horiekin batera, bertze bortz lagun ariko dira lehian. Gibeleko aldetik hartuz eta gurpilek lurra jo gabe, orgari bueltak eman beharko dizkiote. Gurtaga lurrako puntu jakin batean izanen du lotua orgak.

13:00etan hasiko da lehia Arazuriko pilotalekuan. Petrirena, Bujan eta Galarregirekin batera, hauek dira partaideak: Eduardo Fernandez de Retana (Araba), Oskar Saez del Castillo Sedano (Araba), Oskar Perez (Bizkaia), Jagoba Uranga (Gipuzkoa) eta Simon Thomas (Nafarroa).

Iazko txapelketari dagokionez, bigarren urtez erreskadan irabazi zuen Xabier Urresti ondarrutarrak Euskadiko Orga joko Txapelketa, Itzuli laurden bateko aldea aterata Jerome Larzabal lapurtarrari. Aurtengo jardunari dagokionez, Nafarroa Garaian jokatu da herrialdeko txapelketa, eta igandean ariko diren Bujan eta Galarregi aritu ziren lehian; Bujan txapeldunorde izan zen (2 itzuli, erdia eta 5,70m.) eta Galarregi hirugarren sailkatu zen (itzuli 1 eta 1,75m.).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun