Egun haundia ospatuko dute igande honetan Uharte-Arakilen: 44. Artzain Eguna. Eta horren harira, egun osoko egitaraua prestatu dute: ardi latxaren esnearekin egindako XXX. gazta lehiaketa, ardi latxaren lehiaketa, ardiari ilea mozteko txapelketa, artzain zakurren arrazen erakusketa, ardi haragi egosiaren lehiaketa eta dastaketa, Nafarroako ardoen dastaketa, artisauak… Eta horrekin batera, Nafarroako Artzain Zakur Lehiaketa jokatuko da.
Aurten 44. aldiz eginen da Artzain Zakur Txapelketa, 17:00etatik aitzinera Geinbera zelaian. 1968an egin zen lehendabiziko aldiz eta berehala hasi ziren eskualdeko artzainak nagusitzen. Hala, 1973az geroztik, txapelketak dituen 44 edizioetan 37 txapel eskualdera etorri dira. Pedro Ansa aranoarra izan zen 1973an garaipena eskuratu zuena, Nere txakurrarekin. Eta geroztik, guztira hiru aldiz izan da Nafarroako txapeldun Nere eta Lista zakurrekin. Patxi Etxeberria amaiurtarrak du oraingoz markarik onena, hamabortz aldiz irabazi baitu Nafarroako txapela Labri, Pintxe eta Lagun zakurrekin; Felix Irigoien amaiurtarra hiru aldiz izan da Nafarroako txapeldun Kubino eta Rubi zakurrekin.
Azken urteetan jaun eta jabe dena Antonio Alustiza aresoarra da. Guztira hamaika txapel eskuratu ditu Argi, Jai eta Ttiki zakurrekin. Bera da, hain zuzen, azken zazpi urteotan garaile atera dena. Josetxo Billabona leitzarrak, bertzalde, hiru aldiz irabazi izan du Nafarroako Artzain Zakur Txapelketa, Berri eta Xarpa zakurrekin eta Jorge Oteiza oronoztarra bi aldiz nagusitu da txapelketan, Jai eta Labri zakurrekin.