Asteburuko herri kirol ekitaldietako emaitzak

Ttipi-Ttapa 2011ko abu. 23a, 13:06

VI. Euskadiko Lasto-botatze Txapelketa jokatu zen Etxalarko bestetan. Argazkian Joxemari Maia zinegotzia, Joxemartin Bustintza txapelduna eta Miguel Mari Irigoien alkatea Jose Mª Telletxea

Herri kirol ekitaldi ugari jokatu dira azken egunotan. Patxi Mindegiak bi erronka jarriak zizkion bere buruari eta bere asmoak erdizka bete ditu. Bertzalde, Nafarroako III. mailako Aizkora Txapelketaren finala Goizeder Beltzak (Etxarri-Aranaz) irabazi du eta Leitzako Eneko Saralegi eta Diego Riaño hirugarren eta laugarren gelditu dira hurrenez hurren. Azkenik, VI. Euskadiko Lasto-botatze txapelketa jokatu zen Etxalarren eta seigarren aldiz Joxemartin Bustintza Tubi dimoztarrak irabazi du. Xabier Galarregi etxalartarra laugarren sailkatu da.

Herri kirol ekitaldi ugari jokatu dira azken egunotan. Patxi Mindegiak bi erronka jarriak zizkion bere buruari igandean Erron izan zen jaialdian eta bere asmoak erdizka bete ditu. Bertzalde, Nafarroako III. mailako Aizkora Txapelketaren finala Goizeder Beltzak (Etxarri-Aranaz) irabazi du eta Leitzako Eneko Saralegi eta Diego Riaño hirugarren eta laugarren gelditu dira hurrenez hurren. Azkenik, VI. Euskadiko Lasto-botatze txapelketa jokatu zen Etxalarren eta seigarren aldiz Joxemartin Bustintza Tubi dimoztarrak irabazi du. Xabier Galarregi etxalartarra laugarren sailkatu da.

Zituen bi erronketatik bakarra erdietsi zuen Patxi Mindegiak igandean Erroko jaialdian

Kana-erdikoarekin, 2 segundotan hobetu zuen Guinesseko errekorra

Patxi Mindegia zubietarrak bi erronka zituen igandean Erron izan zen jaialdian. Alde batetik, 45 ontzako enbor batekin Europako marka haustea eta, bertzetik, kana-erdiko enbor batekin Guiness errekorra ontzea. Saiakera kontrolatzeko, Erron zeuden Guinesseko eta Sthil Timber Sporteko epaileak. Kana-erdikoarekin lehendik zegoen marka minutu bat eta 28 segundutan zegoen ezarria eta igandean, Miel Mindegiaren semeak, minutu bat eta 26 segundotan egitea erdietsi zuen. Ez zen batere gustura gelditu markarekin aizkolari zubietarra. “Enborra ez zait batere ona atera, beroa ere handia egiten zuen eta marka ondu arren, ez naiz gustura gelditu”. Bigarren ahalegina Europako marka hobetzea zen. Horretarako, 45 ontzako enborra 19 segundo eta 50 ehunen baino azkarrago moztu behar zuen, baina ez zuen helburua bete, bere lana egiteko 21 segundu behar izan baizituen. “Errekor hori lortzeko egurra 20 kolperen azpitik ebaki behar da, ezin da huts txiki bat ere egin, bestela ez dago lortzerik” adierazi du zubietarrak.

Eneko Saralegi eta Diego Riaño bigarren mailako atean gelditu dira

Abuztuaren 19an Burlatan jokatu zen Nafarroako III. mailako Aizkora Txapelketaren finala. Final amaiera estuan, Goizeder Beltza (Etxarri-Aranaz) eta Iñaki Vazquezek (Altsasu) eskuratu zuten lehen eta bigarren postuak eta horrekin bigarren mailarako jauzia egin dute. Bigarren maila horren atean gelditu dira Eneko Saralegi eta Diego Riaño leitzarrak, hirugarren eta laugarren sailkatu baitziren hurrenez hurren. Aizkolari bakoitzak lau pago-enbor ebaki behar izan zituen: bi kanaerdiko eta bi 45 ontzako.

Xabier Galarregi laugarren sailkatu da aurten ere VI. Euskadiko Lasto-botatze txapelketan

Etxalarko bestetan (abuztuak 15) jokatu zen lasto-botatze txapelketa eta aitzineko edizio guztietan bezalaxe, seigarren honetan ere Joxemartin Bustintza Tubi dimoztarrak irabazi du. Sei kirolari aritu ziren lehian, 13 kiloko fardoa sarde batekin hartu eta zeinek altuera handienera jaurti. Tubik (Dima, Bizkaia) 6,30 metrotan jarri zuen bere marka, joan den urtean bezalaxe. 2009an, ordea, 6,70 metrora jaurtitzea erdietsi zuen. Bigarren Joxe Lapazaran (Etxebarria, Bizkaia) sailkatu zen (6,00 metro); hirugarren Oskar Perez (Barakaldo, Bizkaia) 5,20 metro; Xabier Galarregi etxalartarra laugarren sailkatu zen (5,00 metro); Carlos Ruiz de Aretxabaleta (Berrostegieta, Araba) bosgarren sailkatu zen (4,80 metro) eta seigarren Eduardo Fdez. De Retana (Gillerna, Araba) marka berberarekin (4,80 metro).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun