Arkupeak Jubilatu, Pentsionista eta Alargunen Elkarteak Arantzazura eta Loiola basilikara joateko irteera antolatu du hilabete honetan. Abuztuaren 31n eginen da eta egun osoko egitaraua prestatu dute. Bidean gosaldu ondotik, 11:00etan Arantzazura ailegatuko dira eta gero aitortzeko sakramentuaren txanda izanen da. 12:00etan meza entzunen dute eta 13:15ean Azpeitiko Loiola aldera abiatuko dira. 14:30ean basilikaren aitzinean dagoen Kiruri jatetxean bazkalduko dute.
Hau izanen dute menua: zizka-mizkak, arrain salda, bildots errea patata eta entsaladarekin, tarta izozkiarekin eta edateko ura, ardoa, txanpaina, kafea eta kopa. Bazkaldu ondotik, 16:30etik 18:30era dantzaldia izanen da eta basilikara joan nahi duenak izanen du horretarako aukera ere bai. 18:45ean hartuko dute etxerako bidea.
Izen-ematea aste honetan egin beharko da, abuztuaren 23tik 25era bitartean. Egun osorako 35 euro ordaindu beharko dira. Autobusen ordua inskripzio ondotik jakinaraziko da eta horretarako abuztuaren 26an delegatuei deitu beharko zaie (948 450878).
Irailerako ateraldi gehiago aurreikusiak dituzte. Irailaren 14an, erraterako, Lezora joanen dira, irailaren 16tik 23ra Madril aldera eginen dute irteera eta irailaren 29tik urriaren 13ra Benidormera joanen dira. Urriaren 20an, berriz, Lodosa eta Lizarra bazterrak ezagutuko dituzte.
Zuzendaritza Batzordea
Azken hilabeteetan hainbat berrikuntza egin dira Zuzendaritza Batzordean eta hauek dira gaur egun zuzendaritzako kideak: Pedro Bañares doneztebarra da lehendakaria, Ezkurrako Fernando Etxeberria lehendakariordea, Mª Isabel Mitxeltorena doneztebarra idazkaria, Joxe Oronoz iruritarra diruzaina eta bokalak hauek: Juana Mª Bertiz (Donamaria), Pakita Mikelarena (Legasa), Gemma Gamio (Doneztebe), Jose Mª Irazoki (Bera) eta Jose Luis Legarra (Doneztebe).