Juan Jose Lopez Azpilikuetak eta Anjel Arrospidek bikote ederra osatu zuten abuztuaren 11n Sunbillan, San Tiburtzio besten barne jokatu zen X. Ramon Latasa Sarian. Hiru bikoteren artean indartsuenak eurek izan ziren eta 31 minutu behar izan zituzten lanak akitzeko, bigarren sailkatu ziren Donato Larretxea eta Aitzol Atutxak baino 22 segundo gehiago. Floren Nazabal eta Felix Etxeberriak osatutako bikotea hirugarren gelditu zen, 32:36ko denbora eginez.
Gazteen mailan bertze hiru bikotek neurtu zituzten indarrak eta Oihan Larretxea eta Arkaitz Olano nagusitu ziren, 24:12ko denbora egin ondotik. Ugaitz eta Aratz Mugertzari minututik gorako aldea atera zieten (25:34ko denbora egin zuten Mugertza anaiek) eta Ander Erasun eta Ruben Saralegi hirugarren sailkatu ziren.
Gaztetxoen mailan, azkenik, Joxean Etxeberria, Iker Vicente eta Mikel Zabaleta aritu ziren aizkoran eta bigarrena, Daniel Vicenteren semea nagusitu zen.