Harri Ttikien Euskadiko Txapelketa bihar, abuztuak 10, jokatuko da Aian (Gipuzkoa). Bortz harri-jasotzaile ariko dira lehian eta horietatik hiru eskualdekoak izanen dira: Unai Bertiz (Sunbilla, 26 urte), Xabier Ariztegi Santxin (Etxalar) eta Josetxo Urrutia (Leitza, 34 urte). Horiekin batera, Aimar Irigoein (Errezil, Gipuzkoa; 25 urte) eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a (Zarautz, Gipuzkoa; 26 urte) ariko dira harriak jasotzen.
17:30etik aitzinera neurtuko dituzte indarrak Aiako pilotalekuan. Eta erabiliko diren harriak lau motatakoak izanen dira: 125 kiloko koadroa, 125 kiloko zilindro-kopa, 112,5 kiloko kuboa eta 100 kiloko bola. Hiruna minutuko txandak eginen dituzte harri bakoitzarekin.
Harri jasotzaileak
Aurten Unai Bertizek jantzia du Nafarroako Txapelketa, Nafarroako errekorra onduta (6.562,5 kilo jaso zituen guztira, hiru harri erabilita). Josetxo Urrutia izan zen txapeldunordea eta Xabier Ariztegi hirugarrena. Santxinentzat txapelketa honetan parte hartuko duen lehenbiziko aldia izanen da. Bertiz eta Urrutia lehen ere ibiliak dira, nahiz eta joan den urtean ez zuten parte hartu. Gainerakoan, Joseba Ostolaza iazko txapeldunordea eta 2006ko txapelduna izanen da hutsune nabarmenetako bat, Jexuxmari Iruretagoiena Izeta III.arekin batera. Bertzetik, aipatu, Irigoienek duela Txapelketa honetako marka: 13.362,5 kilorekin, 2009an egindakoa. 2007az geroztik lau urtez jarraian jantzi du errezildarrak Euskal Herriko txapela.