Sunbillako San Tiburtzio besten barne, aurten hamargaren aldiz Ramon Latasa Saria eginen da gaur, abuztuak 11, 19:00etatik aitzinera. Dena den, aurtengoa hamargarren edizioa denez, zerbait berezia egin nahi izan dute antolatzaileek, eta nagusien eta gazteen mailako aizkolariez gain, gaztetxoek ere parte hartuko dute aurten lehenbizikoz.
Guztira 15 aizkolarik neurtuko dituzte indarrak. Maila nagusian hiru bikote hauek ariko dira: iazko txapeldunak Floren Nazabal eta Felix Etxeberria, Donato Larretxea eta Aitzol Atutxa eta Juan Jose Lopez eta Anjel Arrospide. Lau proba egin beharko dituzte: bi kanaerdiko enborra moztu, gero kanaerdikoa zutik eta 45 ontzako bi etzanda, ondotik banaka lau kanaerdiko moztu eta azkenik, txanda librean, bikote bakoitzak lau kanaerdiko eta 60 ontzako bertze lau moztu.
Gazteen mailan, aurtengoa bosgarren aldia izanen da eta bertze hiru bikote ariko dira lanean: Ugaitz eta Aratz Mugertza anaiak, Oihan Larretxea eta Arkaitz Olano eta Ander Erasun eta Ruben Saralegi. Hiru proba egin beharko dituzte: 45 ontzako bat zutik eta neurri bereko bertze bi etzanda ebaki, bakarka 45 ontzako lau enbor moztu eta azken proban, txanda librean, lau kanaerdiko eta 60 ontzako bi enbor moztu.
Gaztetxoen mailan hiru aizkolari hauek ariko dira: Joxean Etxeberria, Felix Etxeberria aizkolariaren semea, Iker Vicente, Daniel Vicente aizkolariaren semea eta Mikel Zabaleta leitzarra. Bi proba egin beharko dituzte: hasteko 45 ontzako enborra ebaki eta ondotik 45 ontzako hiru enbor moztu.