40 gradutara ailegatu dira termometroak asteburu honetan

Ttipi-Ttapa 2011ko abuztuaren 22a

Donezteben 40 gradu neurtu ziren larunbatean.

Eskualdeko tenperaturik altuena Donezteben neurtu zen larunbatean

30 gradutik goiti neurtu ziren larunbatean eskualde osoan. Altuena Donezteben neurtu zen, 40 gradutara ailegatu baitzen termometroa. Lesakan 39 gradu neurtu ziren, eta Iruritan eta Amaiurren, 38 eta 37,5 gradu, hurrenez hurren.

Uztaila hilabete euritsua eta hotza izan zen, eta tenperaturak bataz bertzeko historikoa baino 1-3 gradu baxuagoak izan ziren. Prezipitazioak ere bataz bertzeko historikoaren gainetik izan ziren. Artikuntza, Lesakako San Antonen edo Goizuetako estazioetan, adibidez, esperotako bataz bertzeko balioak bikoiztu egin ziren. Hagitz bertzelakoa joan da, ordea, abuztua. Bero haundiko egunak izan baitira. Zehazki, hilabeteko egunik beroena joan den larunbatean, abuztuak 20, neurtu zen.

Eskualdean dauden hemeretzi estazio meteorologikoen arabera, Donezteben neurtu ziren tenperaturarik altuenak egun horretan, 40 gradutara igo baitzen termometroa eskuzko estazioaren arabera. Eta automatikoak 39,6 gradu neurtu zituen. Lesakan ere tenperatura altuak izan ziren, 39 gradutakoak, hain zuzen. Baina ez ziren gibelera gelditu gainerakoak ere: Amaiurren 37,5 gradu harrapatu zituen termometroak, Areson 36 gradu, Artikutzan 31,5 gradu, Bertizen 33 gradu, Goizuetan 35 gradu, Gorramendin 31,4 gradu, Iruritako eskuzko estazioan 38 gradu eta Leitzan 33 gradu.

Tenperatura minimoei dagokienean, Artikutzan neurtu zen tenperaturarik freskoena, 17 gradurekin. Arizkunen eta Iruritan 18 gradutara jeitsi ziren termometroak, 18,2ra Gorramendin, 18,5era Areson, 19,7ra Doneztebeko estazio automatikoan, 20 gradutara Bertiz, Doneztebeko eskuzko estazioan, Leitza eta Lesakan eta 20,5era Goizuetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun