2007-2011 legealdian Etxalarren alkate izandako Patxiku Irisarrik eta lau zinegotzik, gaur egun alkateak eta bere udal-taldeak argitaratu eta zabaldu duten eskuorriak dakarren “desinformazioa” salatu nahi izan dute. Abuztuaren 1ean egindako agerraldian adierazi dutenez, “berri papera horretan agertzen diren obra guztiak Herri Taldeko egitasmoak izan dira eta guztiak oraingo alkateak abiatu zituen 2005. urtean. Gainera, ez dira gastuak izan, baizik eta inbertsioak, herritar guztiek aprobetxatuko dituztenak”.
Alkate eta zinegotzi ohi hauen erranetan, “gezurra da obra horiek subentziorik gabe egin direnik, eskola handitzeko lanak Hezkuntza Departamentuak emandako dirulaguntzarekin eta argiztatze publikoa Toki Administrazio Departamentuak emandakoarekin egin baitira”.
2008-1010era Etxalarko herria sekulako zorpetan sartu dela dio gaur egungo udalak argitaratu duen idatziak. Zehazki, 2010. urte bukaeran 394.003,72 euroko zorra zioen eta horrek, “hemendik aitzinera proiektu berriak egiteko kapazitatea izugarri limitatuko dio Herriko Etxeari”. Lehengo legealdiko alkate-zinegotzien ustez, aldiz, “eskualdeko bertze udalekin alderatuta zorpetze maila ez da hainbertzekoa, beraz udala bideragarria da”. Horren erakusgarri bi datu ematen dituzte: 2010eko abenduaren 31n udal kontuak 35.351,03 euroko superabitarekin itxi zirela eta “kontuak saneatuak daudenez, Toki Administrazio Departamentuak erresoluzio baten bidez onartzen du Bagoleko bordako pistan hormigoia botatzeko 2011. Urtean bideragarria dela, aurreikusten den 150.000 euroko aurrekontuaren %70eko subentzioa emanez”.
Horregatik, alkate eta zinegotzi ohien ustez, egungo Etxalarko alkateak eta bere udal-taldeak “udal hauteskundeetan jasandako porrota ezin irentsiz, gezurra eta iraina erabiltzen dituzte bere ahulezi, ezintasun eta gabeziak estaltzeko, eta bide batez, herrian nahasmena eta liskarra sortuz”.