Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeak (ESAIT) hamekagarren urtez antolatutako Mendi Martxa Amaiurren hasi da uztailaren 30ean, larunbatean eta Lizartzan akituko da abuztuaren 6an, “Hamaika pauso selekzioak lortu arte. Inposaketarik Ez!” lelopean. Uztailaren 30ean, larunbata, ekin zaio lehen etapari Amaiurren. Bertan egin da hasierako ekitaldia ere.
Honako etapa hauek izanen ditu.
Uztailaren 30ean, Amaiur-Urdazubi: Amaiur-Alkurruntz-Otsondo-Urdazubi.
Uztailaren 31n, Urdazubi-Sara: Urdazubi-Zugarramurdi-Atxuri-Sarako lezea-Sara.
Abuztuaren 1ean, Sara-Lesaka: Sara-Larrun-Bera-Lesaka.
Abuztuaren 2an, Lesaka-Oiartzun: Lesaka-Agina-Aiako Harria-Arditurri-Oiartzun.
Abuztuaren 3an, egun osoko aldarrikapen jaia Oiartzunen.
Abuztuaren 4an, Oiartzun-Goizueta: Oiartzun-Oialeku-Artikutza-Goizueta.
Abuztuaren 5ean, Goizueta-Leitza: Goizueta-Mandoegi-Urepel-Leitzalarrea-Leitza.
Abuztuaren 6an, Leitza-Lizartza: Bukaera ekitaldia eta bazkaria.
Informazio guztia www.esait.org.
Ekitaldiak herriz herri
Aipatzekoa da ibilaldiari ongietorria egiteko zenbait ekitaldi antolatu direla herrietan ere.
Honela abuztuaren 1ean, eguerdi aldera Beratik pasako da. martxa Ibardineko karreteratik sartu eta Agerra aldetik aterako da. Berako kirol taldeek ongi etorri gisako zerbait egin nahi diote ibilaldiari eta dantzarien agurra, gazteen herri kirol ekitaldi xumeren bat eta pintxo batzuk eskaintzeko asmoa dute. Ondoren txistulariekin Agerraraino lagunduko dute martxa. Ongi etorri ekitaldia mundu guztiarentzat zabalik dago eta ahalik eta giro hoberena sortu nahi dute, “euskal selekzioaren aldeko aldarrikapenari ahalik eta indar gehien ematearren”.
Abuztuaren 2an, Lesakan ekitaldia eginen da 19:30ean eta herri afaria Arranon.
Leitzan, berriz, abuztuaren 5ean, herriko eragileek 15:30ean mendira joateko gonbitea egin dute parte hartzaileei ongi etorria egiteko asmoz. Ondoren, 20:00etan kalejira eginen dute herriko plazan eta segidan, ESAITeko ordezkariei harrera festa eskainiko zaie.