Uztailaren 31n, igande honetan ospatuko da Altxata kultur elkarteren 20. urteurrena. Goizetik trikitilari eta txistulariek kalejira eginen dute meza aitzinetik. Ondotik, txalaparta doinuak aditu eta gero, Berako abesbatzak eta musika bandak emanaldia eskainiko dute. Segidan, Pello Apezetxeari omenaldia eginen zaio plazan.
Hain zuzen, hainbat arlotan nabarmendu da herriko erretorearen lana, bertzeak bertze euskalgintzan, ttipi-ttapa aldizkarian, Herria 2000 Eliza erakundean edo Euskaltzaindian eta talde horietako ordezkariek ere bere ondoan izanen dira igandean. Gainera, Etxalarri buruzko liburuak eta argitalpenak karrikaratuak ditu han eta hemen.
Omenaldia eta gero, herri bazkaria izanen da frontoian. Bazkalondoan Euskal Kantuak kantatuz alaituko da giroa. Honetarako asteotan txartelak salgai egonen dira Elutsa, Herriko ostatua edo 677031920 telefonoan (Edurne).
Argazki lehiaketa
Arratsaldean Etxalarko I. Herri Argazki lehiaketa eginen da. Etxalarri lotutako edozein gairi buruzko azken hogei urteotako argazkiak aurkeztu dira, 20 baino gehiago, Axun Maia Altxatako kideak aipatu digunez. Argazkiaren balorazioaren %50a epaimahaiak eginen badu ere, gainerakoa herritarren esku izanen da. Horretarako igande goizeko ekitaldiaren ondotik ordu erdi batez botoa emateko aukera izanen da; baita arratsaldeko 17:00etatik 17:30era ere. Sari banaketa 18:30ean izanen da. Lehenbiziko saria bi lagunentzako landa etxe batean asteburuko egonaldia; bigarrena, bi lagunentzako afaria; eta hirugarren saski eder bat. Zalantza argitzeko deitu 677031920ra.