Oraindik aste pare bat falta dira Santiburtzio bestak hasteko Sunbillan, baina zenbait kontu eta berrikuntza aitzindu nahi dituzte. Honela, aurten Latasa Memoriala besten barrenean eginen da eta ez aitzineko asteburuan, orain arte bezala. Beste berrikuntza, tortilla patata lehiaketa Santiburtzio egunean, abuztuaren 11n eginen dela. Horretarako apuntatzeko kartela Itturburu ostatuan egonen da abuztuaren 10a arte. Ea talde mordoxka apuntatzen den.
Zikiro jatea
Bertze aldetik, Zikiro jateko eta zopetako txartelak bertze urtetan bezala Itturburu eta Fonda ostatuetan salgai egonen dira: zopetako txartela 20eutotan eta epea abuztuaren 7ra arte eta zikiro txartela 30 eurotan eta epea abuztuaren 10 arte. Apuntatzeko epeak faborez errespetatzeko eskatu dute. Zopetako menua urterokoa izanen da (zopak, xuri eta beltxak, gisatua, postrea, txanpaina, kafea, kopa, puroa eta edariak) eta zikirokoa berriz, patea, penkak, langostinoak, piperrada, zikiroa letxugarekin, sorbete, goxua, edariak, kafea eta kopa. Hau guztia "Jaiak" txarangak alaiturik.
Peñen eguna
Aurtengoan bultzada eman nahi diote Sunbillan peñen egunari eta lerro hauen bidez “animatu nahi da ahalik eta jende gehien apuntatu dadila peñaren egunera, ea berreskuratzen dugun pixka bat lehen Sunbillan izaten zen peñaren eguna. Apuntatzen ahal da nahi duen guztia, ez da adina kontutan hartzen beraz animo denei”. Txartelak ere ostatuetan salgai egonen dira eta bazkaria bertze urtetan bezala Ulibeltzak Elkartean eginen da "Jaiak" txarangak alaiturik.