Joan den urtean gertatu zen bezalaxe, Iruritako bi talde izanen dira aurrez aurre Baztan-Errekako 32. laxoa txapelketaren finalean. Irurita A taldearekin Jorge Azkarate, Andres Elizaintzin, Igor Urrutia eta Iñaki Etxandi arituko dira. Irurita B taldearekin, berriz, Guillermo Etxenike, Joseba Urtasun, Jesus Etxenike eta Xabier Ripa ariko dira, iazko txapeldunak. Beraz, joan den urteko finalarekin alderatuz, aurpegi bakarra aldatuko da, Andres Elizaintzin ariko baita Miguel Bidegainen ordez. Finala ere Iruritako plazan jokatuko da, abuztuaren 6an.
Iruritako bi taldeak asteburu honetan jokatutako finalerdietako itzuliko partidetan lortu dute finalerako txartela, nahiz eta lana gogotik egin behar izan duten partidak irabazteko. Irurita Ak, joaneko partidan Arraiozen irabaztea lortu zuen, 7 eta 9 Arraioz Aren kontra. Bueltako partida ere gogorra izan zen eta azkenean Iruritakoek joku bakarrarengatik irabazi zuten 9 eta 8. Irurita Bk bideratuagoa zeukan finalerako txartela, joanekoan 9 eta 4 irabazi baitzion Doneztebe Ari. Donezteben aldiz, etxekoek irabazi zuten, hauek ere joku bakarrarengatik, 9 eta 8. Halere, jokuen aldearengatik, Irurita B izanen da finalean. Errandakoa, aurten ere Iruritara joanen da txapela, zortzigarrena.