Iruñeko Sanferminen barrenean egin diren herri kirol txapelketetan eskualdeko hainbat kirolari aritu dira lehian. Unai Bertiz sunbildarrak irabazi zuen uztailaren 8an Nafarroako harrijasotze txapelketa. Bi minutuko txandetan 125 kiloko zilindroarekin, 112,5 kiloko harri kubikoarekin eta 100 kiloko bolarekin aritu behar izan zuten parte hartzaileek. Bertizek lehen postua lortzeaz gain 2004tik Perurenak zuen Nafarroako errekorra hobetu zuen, 6.562 kilo jasoz. Bigarren egin zuen Josetxo Urrutia leitzarrak, 5.787 kilo jasoz. Hirugarren Xabier Ariztegi Santxin etxalartarra izan zen. 5.012,5 kilo jaso zituen Etxalarkoak.
Xanta Sousa lesakarra txinga eramaten
Nafarroako emakumezkoen txinga eramate txapelketa jokatu zen uztailaren 11n. Lehen bi postuetan lesakarrak geratu ziren eta txapela Xanta Sousak jantzi zuen, 26 plaza pasaxeak eginez. Bigarren postua Estitxu Almandozentzat izan zen. Honek 12 plaza baino gehixeago egin zituen. Hirugarren postuan Maika Ariztegi iturendarra sailkatu zen 10 plaza eta erdirekin. Nerea Sorondo beratarra laugarren izan zen, 9 plaza eta erdirekin.