Nafarroako Herriarteko pilota txapelketaren finala jokatu zuten uztailaren 3an Iruñeko Labrit pilotalekuan Iruña eta Doneztebek. Bi herrietako zaleek lepo bete zituzten Labriteko harmailak giro paregabea sortuz. Txapelak Donezteberako bidea hartu zuen lau partidetatik 3 irabazita. Lehenengo hiru partidak irabazi zituzten doneztebarrek eta senior mailako partida jokatu aitzinetik erabakita geratu zen nor izanen zen txapelduna. Doneztebarrek lehen finala zuten Herriartekoan eta sartutako lehen finalean lortu dute txapela.
Alebinen mailan, Doneztebeko Iker Salaberria eta Iraitz Zubizarretak 18 eta 10 irabazi zieten Mata eta Mariezkurrenari. Kategoriako atzelari onena izan zuten aitzinean Doneztebekoek, baina partida bikaina jokatu zuten. Zubizarretak ongi eutsi zion gibelean eta Salaberria gehiago izan zen aitzinean.
Lehenbiziko puntua lortzeak ematen zuen segurtasunarekin, infantil mailan ezustea eman zuten Doneztebeko Unai Telletxea eta Joseba Aldabek, Espinal-Diaz bikoteari 18 eta 13 irabazi baitzion. Hasiera berdinduaren ondotik, Iruñekoak aitzinetik jarri ziren 5-11. Baina hor agertu zen Telletxea, bere sake gogorrekin eta txapagainekoekin, 13-11 buelta emateko. Bertze bi tanto egin zituzten hiriburukoek, baina ongi irabazi zuen Doneztebek bigarren partida ere.
Jubenilek jokatu zuten hirugarren partida. Doneztebeko Mikel Maia eta Adur Lasa bikoteak 22 eta 13 irabazi zieten Idoate-Larraya bikoteari. Partidu hau erabakigarria izan zen, hau irabazita Doneztebek segurtatua baitzuen txapela. 3-7 irabazten hasi ziren Iruñekoak, baina pilota aldatzearekin, Asegarcerekin aurrekontratua sinatua duen Lasaren eskuin kolpea nagusitu zen, Larrayak zazpi pilota errebote ingurutik ekarri behar izan baitzituen. Aitzinean, Maiak tantu ederrak egin zituen eta beretzat izan ziren txalorik handienak.
Azken partida, senior mailakoa, izan zen Iruñeko taldeak irabazi zuen bakarra. Ezkurdia-Okiñena bikoteak 22-19 irabazi zion dagoeneko txapela ospatzen ari ziren Beñat Oronoz eta Joseba Madariagari.
Txapeldunen kopa Enrique Maya Iruñeko alkatearen eskutik jaso zuten doneztebarrek eta Miguel San Miguel Doneztebeko alkateak azpitxapeldunen saria eman zien Iruñekoei.Orain arte Nafarroako Pilota Federazioko presidente eta hemendik aitzinera Nafarroako Gobernuko kirol zuzendaria izanen den Miguel Pozueta ere izan zen sari banaketan. Heldu den urtean ere maila onean aritzea espero du Patxi Ordoki Doneztebeko entrenatzaileak.