Agorrilaren 27an Usopop festibalaren bigarren edizioa ospatuko da Lizarrietako lepoan. Lehenera 400 bat pertsona hurbildu ziren gune izugarri batean musikaz gozatzera. Gaualdia arratsaldeko 6etan hasiko da haurrentzako animazioarekin. Oihanean ibilaldi bat eginen dute Xan Errotabehere ipuin kondalariak lagundurik.
Arratseko 7etan guneak ateak idekiko ditu. Bertze behin ere Euskal Herriko musika panoramako artista garrantzituak eta berritzaileenak etorriko dira: Mursego (pop esperimentala) eta Mobydick (folk). Baina kanpoko taldeak ere gonbidatzen dituzte: Francois and the Atlas Mountain eta afrikar ikutuak dituen haren elektro-popa, frantziar stoner rock talde bikain bat Mars red sky, The suicide of western culture Bartzelonako elektro talde ikusgarria. Gaualdia bukatzeko Spt eta Cindjrella musika jartzaileen arteko lehia dantzagarria izanen da. Kontzertu arteak Arantxa Lannesek dantzaz beteko ditu. Gunean jaki gozoak eta edatekoa izanen da eskuragai. Uda bukatzeko manera ezin hobea Usopop. Sartzea 9 euro gostako da.