Bertsuzale senpertarrak Ahetzen

Franck DOLOSOR 2011ko uztailaren 21a

Franck DOLOSOR

Uda huntan 30 urte betetzen dira Mattin Trecu Ahetzeko bertsulariaren ahotsa eta irria isildu zirela. Urtemuga behar den bezala ospatzeko eta bere izena eta izana gogoratzeko omenaldia egin zen uztailaren 10ean bere sorterrian, gure auzo herrian, eta hantxe bildu ziren ere Senpereko zonbait bertsuzale. Goizeko mezaren ondotik, Mattinen oroitarriaren ondoan plaka bat estrenatu zen oroitarazteko eta jakinarazteko Mattin Kokin nor izan zen. Mattinen semeak Panpilik eta Xanpun zenaren alargunak estrenatu zuten oroit­gune hau. Preseski, heldu den urtean 10 urte beteko dira jadanik Xanpun bertsularia, sortzez senperta­rra zena, zendu zela. Hura ere omenduko dute doike. Agian ba! Ahetzen giro paregabeaz gozatu ahal izan zen: bertsutan Txomin Ezpondak eskatu zuen oroitzapenak irautea «Mattinen oroitarria usteldu arte», Ma­ttin eta Xalbadorren itxura duten ziganteen ibilaldia preziatu zen eta arratsaldeko bertsu saioan taula gainean agertu ziren Imanol Lazkano, José Luis Gorrotxategi, Jean Louis Hariñordoki Laka, Mixel Aire Xalbador, Odei Barroso eta Ekhi Erremundeguy. Mattinen omenaldi hunkigarrian Mari bere andre zenarentzat ere zonbait ohorezko hitz entzun ziren. Mari Olhandegi senpertarra zen sortzez eta ezagutu dugunek ezin dugu ahantzi sorterriari zoin atxikia zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun