Gaztetasuna ama izateari eskaintzea erabaki duten emakumeak

Aitor AROTZENA 2011ko uzt. 21a, 12:51
Maialen Irigoien lesakarra, Unax eta Enaitz semeekin. 17 eta 19 urterekin izan zituen. Aitor AROTZENA

Ama izaten direnen adina 31,46 urtekoa da banaz bertze, baina badira gaztetan izaten dutenak

Ama izaten diren emakumeen banaz bertzeko adina kasik 32 urtekoa zen Nafarroan urte honetako lehen hiruhilekoan. Lehen seme-alaba izateko banaz bertzeko adina 30 urtekoa da eta bortz emakumetik batek 35 urteak beteak dituenean izaten du. Ikasketak bukatzeari eta lanean hasteari garrantzi gehiago ematen zaio eta ama izatea beranduagorako uzten da. «Lehenik bizitza disfrutatu eta gero familia izan» diote. Baina, garai batean bezala, badira gaur egunean ere 20 urteko mugan ama izatea erabakitzen dutenak. Gaztetan seme-alabak izan eta hazteko indartsuagoak daudela erraten dute eta behin seme-alabak hazi eta nolabaiteko autonomia dutenean, beraiek oraindik gazte izaten segitzen dutela.

Ama izateko banaz bertzeko adina sekulan izan den altuena da gaur egun. Garai batean, ez hain aspaldi, 20 urte bete gabe umea izatea arrun­ta zen, baina gaur egun arraroa ez, baina berezia bederen bada. Egonkortasun ekonomiko eta emozionala segurtatzea, ikasketak bukatzea, gaztaroaz disfruta­tzea, etxebizi­tza erosteko zail­tasunak… nerabezaroa 30 urteak arte luzatu dela dioenik ere bada. Gauza bat dela, ber­tzea dela, Nafa­rroan, urteko lehen hiruhilabetekoaren datuen arabera, ama izaten direnen banaz ber­tzeko adina 31,46 urtekoa da. Lehen umea izateko adina 30 urte ingu­rukoa zen. Baina gure inguruan seme-alabak gazterik izatea erabaki duten emakumeak ere badira, 20 urteko muga horretan, eta batzuen testigan­tzak bildu ditugu. Balantzan jarrita, seme-alabek ken­tzen ahal dituzten gauzak baino hagitzez pisu handiagoa omen du ematen dutenak.

38 urteko amonak, 60 urteko birramona

Malen Perurena goizuetarraren eta bere familiaren kasua aipaga­rria da. Gaur egun 66 urte ditu eta 21 urte zitu­e­nean izan zuen Aran­txa, bere lehen alaba. Geroztik beste bi alaba eta seme baka­rra izan zituen. Orduan ama adin horretan izatea ez zen gaur bezain berezia, baina horrela suertatu zela aipatu digu, «orain erre­medio eta aurrerapen handiak badira, baina orduan ez baitzen deus ere». Arantxak, 17 urterekin izan zuen Nagore Eskudero alaba. Beraz, 38 urterekin amona zen Malen. Baina Nagorek ere 21 urte egin berritan izan zuen Lorena Uitzi alaba. Beraz, 60 urterekin birramondu zuen Malen eta 38 urterekin amona zen Arantxa. Badirudi belaunaldiz belaunaldi pasatu zaiela ama gazte izatearena, genetikoa balitz bezala. Baina Malen Perurenak garbi dauka gaur egun ez zuela halakorik eginen: «Orain ezkondu beharko banu beranduago ezkonduko nintzen, edo gainerakoan batere ez» dio umoretsu. Lana eta etxe­bizitza dagoen moduan, «bi gurasoek lan egin behar dute gaur egun, etxebizitza garesti dago, gastu handiak daude eta zenbat eta seme-alaba gutxiago ekarri, hobe!», Goizuetako birramona gaztearen ustetan. Izan ere, «se­me-alabak eskolan edo amonari u­tzi, lanera joan, berriz ere bildu, lan handia egin beha­rra dute gaurko gurasoek, eta ez daukate beste aterabiderik gainera!».

Nagore ESKUDERO: «Ama izatea dagoen esperientziarik onena da, baina libertadea kentzen dizu»

Nagore Eskudero, Malen Perurenaren bilobak garbi zeukan ama gazterik izan nahi zuela. «Beti gustatu zait eta ama gazterik izan nahi nuen. Bikotearekin bizi nintzen dagoeneko eta etxean ere hori ikusia nuenez, urratsa eman genuen. Denborarekin, pazientziak joan egiten dira eta hobe lehenbailehen izatea». Ama izatea «dagoen esperien­tziarik onena» dela dio, «baina libertaDe guzia ken­tzen duela egia da, ezin zara gauez festara atera, umeak lotu egiten du hasieran. Orain alabak 6 urte ditu eta ongi, hasiak gara errekupera­tzen, berriz ere gaztetako mar­txan!». Orduan lanean ari zen Nagore eta zazpi hilabeteko haurdun zegoela lana utzi egin zuen. Alabak 3 urte egin eta eskolan hasi zenean, gizarte zerbitzuen bidez berriz ere lanean hasi zen udaletxearen­tzako eta orain, irailean, erizaintza laguntzaile ikasketekin hasi nahi du Hernanin. Beraz, «garbi dago ikasketak eta lana berriz ere har­tzen ahal direla, oraindik gaztea naiz-eta». Bakoitza nolakoa den ere zerikusia du honetan. Nagorek dioenez, «ni beti responsablea izan naiz, familian bizi izan dudan egoerak ttiki-ttikitatik helduago izatera bul­tzatu ninduen eta orain ere arduratsua naiz».

Maialen irigoien: «Beraiek gazteak direnean, ni ere oraindik gaztea izaneN naiz»

Maialen Irigoien lesakarrak 17 urte zituenean izan zuen Unax lehen semea eta 19rekin Enaitz, bigarrena. Berak ere betidanik garbi zuen ama gazterik izan nahi zuela, «baina beharbada ez nuen uste hainen goiz etorriko zirenik» onartu du. Lesakarraren ustez, «gorpu­tza ez dago berdin 20 urtetan edo 35 urtetan». Gainera, «hemendik urte batzuetara beraiek gazteak direnean ni ere gazte izatea polita izanen da, elkarren arteko harremana hobea izanen dela espero dut». Gaztetan ere pazientzia gehiago izaten dela uste du, «nahiz eta akautu ere egiten zaigun». Bere esperientzia hagitz positiboa izan dela aipatu digu Maialenek, «bai haurdunaldiak, bai erditzeak, biak hagitz onak izan dira, eta gero laguntza handia izan dut eta ongi moldatu naiz». Alde txarrari dagokionez, «badirela gauza aunitz beranduagorako utzi behar dituzunak, pendiente gelditzen direnak, baina semeek bertze gauza ba­tzuk ematen dizkizute, hu­tsune horiek ederki betetzen dituztenak». Maia­lenen kasuan, Iruñera modulu bat ikastera joatekotan zela izan zuen lehen semea eta ikasketak utzi behar izan zituen, «beranduago berriz ere hasteko intentzioarekin. Orain modulo bat egiten ari naiz etxetik, semeek uzten dizkidaten denbora-tarteak probestuz. Lehenbiziko semea bakarrik nuenean uda batean lanean ere aritu nintzen. Umeak hain gazterik izanda, erraten ahal da oraindik bizi guzia daukadala ikasteko edo lan egiteko». Bikotekideak lan finkoa zuen eta etxe­bizitza ere bazuten, beraz alde horretatik «nahiko seguru» hartu zutela erabakia aipatu digu, «guk ez genuen problemarik izan alde ho­rretatik, baina gaur egun egoera ez dago hain ongi eta horregatik gero eta beranduago izaten dira umeak».

Ainhoa ETXEBESTE: «Aski da umearen irrifar bat somatzea eguneko tontakeriA guzTiak ahazteko»

Ainhoa Etxebeste sunbildarrak 21 urterekin izan zuen Janire bere lehen alaba. Ondotik, 24 zituenean etorri zen Ibai semea eta 25 zituenean June alaba. «Garbi nuen gazterik izan nahi nituela seme-alabak eta Janire jaio baino lehen bertze bat galdu ere egin nuen» aipatu digu. Ama gazte izateko erabakiari ez dio inolako alde txarrik ikusten, baina «inon erakusten ez duten lan baka­rra da ama izatea, bakoitzak berea egin behar du, baina adinak ez du deus ikustekorik, berdin da 20 urtetan edo 40 urtetan». Alde onei dagokienez, «gaztetan pazientzia gehiago eta beldur guttiago izaten dugu» azpima­rratu digu, baita «ama gaztea bazara, aitatxi-ama­txi­ak ere gazteak direla».

Gaur egun umeak beranduago izatea ikas­ketekin eta lanaren egoerarekin zerikusia duela uste du Ainhoak. «Nik lana utzi nuen, bagenekien diru ittu­rri hori ez genuela, guk hori erabaki genuen, baina bakoi­tzak ikusi behar du zer egin nahi duen edo zer egiten ahal duen. Momentu haietan ez genuen oporrik izandu, baina bertze alternatiba batzuk bilatzen dituzu». Bizitza soziala erra­ten zaion hori zerbait galdu zuela onartzen du, «nere adinekoak bere martxan segitzen zuten eta nik etxean gelditu behar nuen, baina ez zitzaidan gogorra egin».

Orain, berriz, bera oraindik gazte izanik, seme-alabak haziak ditu, eta lan mundura buel­tatu da, «taxiarekin lanean eta trikitixa klaseak ere ematen hasi naiz Txantrean. Eta orain, nik seme-alabak haziak eta koadrillakoak ikusten ditut ume jaio berriekin». Beraz, garbi dauka, «berriz ere egin behar banu, gauza bera eginen nuke. Espe­rientzia hagitz polita da eta azkenean, para­t­zen duzu balantzan eta irabazten ateratzen zara, satisfakzio handiak har­tzen dituzu. Egia da ttikiak direnean libertade pixko bat galtzen duzula, baina aski da umearen irrifarre bat soma­tzea egun guztiko tontakeriak ahazteko».

Bakene karrikiri: «Momentu egokiaren esperoan bazaude, ez duzu inoiz umerik izanen»

23 urte egin berritan izan zuen Bakene Karri­kiri elizondarrak Angel lehen semea. Gero, ber­tze bi etorri ziren, Xuban eta Markel. Ama gaz­tea izatea «hala ­ suer­tatu zela» erran digu, «momentu txarrean, gainera, baina au­rre egin behar zaio». Izan ere, ostatu batean lanean ari zen autonomo bezala, «eta lanean segitu nuen berdin-berdin. Eskerrak nere guratsoek eta senarrarenak eskua bota zigutela». Bigarrena sortu zelarik lana u­tzi zuen eta etxean gelditu zen. «Hirugarrena sortu ai­tzin berriz ere lan egin nuen Zahar Etxean, hiru­garrena­re­kin utzi nuen eta orai berriz lanean hastekotan nago, gogoz».

Ama gazte izatearen alde ona «pazientzia gehiago» izatea dela uste du, eta txarrena «lotzen datzula pila bat, gauza pila bateri uko egin behar diozu, oporrei, bes­tei… Bi lehenbizikoak nahiko segidan izatearekin aunitz moztu genuen horrekin». Baina bertze aldetik, «gura­tso gazteak izatearekin gehiago jostatzen dugu beraiekin, berdin zaigu iraulka ibiltzea parkean, eta hori haurrek pila bat eskertzen dute».

Egonkortasunari begiratuz gero, behin ere ez li­tzakeela umeak izateko garai ona izanen erran digu: «Ikasle zarelarik ikasten ari zarelako, lanean ari zarelarik lana duzulako, langa­bezian bazaude lanik ez duzulako, 20 urterekin gazteegi, 40 urterekin beranduegi, beti bada problema... Momentua bilatzen ari bazara, behin ere ez dago momentu egokirik».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun