Etxalarko Altxata elkartearen 20 urteurrena besta handi batekin ospatu zen uztailaren 31n

TTIPI-TTAPA 2011ko abuztuaren 1a

Pello Apezetxeak ongi merezitako omenaldia jaso zuen. Garbiñe Maiak eta Xabier Etxartek Aurreskua dantzatu zioten. Aitor Arotzena

46 urteotan herrian egin duen lana eskertuz omenaldia eskaini zitzaion Pello Apezetxea apezari

Uztailaren 31n ospatu zen Altxata kultur elkarteren 20. urteurrena. Goizetik trikitilari eta txistulariek kalejira egin zuten meza aitzinetik. Ondotik, txalaparta doinuak aditu eta gero, Berako musika bandak eta bortz herrietako kantariekin osatutako abesbatzak emanaldia eskaini zuten. Gero, azken 46 urteotan herrian erretore dagoen Pello Apezetxeari omenaldia eskaini zitzaion.

Uztailaren 31n ospatu zen Altxata kultur elkarteren 20. urteurrena. Goizetik trikitilari eta txistulariek kalejira egin zuten meza aitzinetik. Ondotik, txalaparta doinuak aditu eta gero, Berako musika bandak eta bortz herrietako kantariekin osatutako abesbatzak emanaldia eskaini zuten. Lehenik, "Baldorba" jo eta kantatu zuten eta gero, "Euskal Musikaren goresmena".

Altxata elkartearen historia eta jardueren berri eman zuten batzordeko kide diren Axun Maia, Edurne Elizagoien eta Lorea Arangoak eta gaur egun 114 bat bazkide dituela gogoratu.

Segidan, Pello Apezetxeari omenaldia egin zitzaion plazan. 1965eko abuztuaren 11n ailegatu zen Etxalarrera, Goizuetan sortutako apez gaztea.

Hain zuzen, hainbat arlotan nabarmendu da herriko erretorearen lana eta denek esker ona adierazi nahi izan zioten hitzez eta opariz. Honela, baserritarren ordezkariek auzoetako bideak egiteko, Pello Apezetxeak egindako lanak eta dirulaguntza eskaerak gogorarazi zituzten eta Elizagoien ahizpek bertsoz eta trikitixa doinuez hornitu zuten oparia. Txistulari taldeak ere kantu pare bat eskaini zizkion, apezak berak eman baitituen lehen txistu klaseak. Garbiñe Maia eta Xabier Etxartek Aurreskua ere dantzatu zioten Pellori. Usoa Nekazari Koperatibaren sortzaile gisara ere oroigarria jaso zuen, Arantxa Zubieta lehendakariaren eskutik. Euskaltzaindiako Andres Iñigok, Pello Apezetxeak erakunde honetan egindako lanak goraipatu zituen, ohorezko euskaltzain ere baita Etxalarko apeza. Eskolan euskara ikasten ez zen garaian, 1976tik 1991ra hamabortz ikasturtez Etxalarren izan zen ikastola sortzen egindako ahalegina ere eskertu zioten, baita euskaraz alfabetatzen edo Euskara Batzorde eta Mankomunitatean egindako lanak ere. Ttipi-ttapa aldizkarian ere hainbat lan egina da Pello Apezetxea, herriko berriemaile edo erredakzio taldeko kide bezala eta gaur egun Ttipi-Ttapa Fundazioko presidentea da. Halere, Apezetxea “beti ondoan eta ez gainean” izan dutela azpimarratu zuen Ttipi-ttapako ordezkariak, oroigarria ematearekin batera. Bortzirietako IKA euskaltegikoak txapel dotore bat jantzi zioten, “Pello, euskararen zaindari” zioena.

Gainera, Etxalarri buruzko liburuak eta argitalpenak karrikaratuak ditu han eta hemen Pello Apezetxeak eta horien berri ere eman zuten Altxatako kideek, baita gaur egun eliz atarian hain dotore ageri diren hilerriak berreskuratzen egindako lana ere. Guraso Elkarteak, Etxalarko Udalak eta Altxata elkarteak berak ere, Pello Apezetxearen lana eskertu zuten. Altxatak aginte makila eman zion, "baina ez diogu agintari moduan eman nahi, bide erakusle moduan baizik".

Omenaldia eta gero, herri bazkaria izan zen frontoian. Bazkalondoan Euskal Kantuak kantatuz alaitu zuten giroa.

 

150 argazki lehiaketara

Etxalar herriari buruzko I. Argazki lehiaketa ere egin zen egun osoan. Etxalarri lotutako edozein gairi buruzko azken hogei urteotako argazkiak aurkeztu ziren, 150 irudi, Axun Maia Altxatako kideak aipatu digunez. Argazkiaren balorazioaren %50a epaimahaiak eginen badu ere, gainerakoa herritarren esku izan zen. Horretarako igande goizeko ekitaldiaren ondotik ordu erdi batez botoa emateko aukera izan zen, baita arratsaldez ere.

Sariei dagokienez, epaimahaiaren lehen saria Irati Lujuaren “Dantzariak lotsak agerian” argazkiarentzat izan zen eta bigarren sara Garazi Lujuaren “Txantxangorria” argazkiarentzat. Publikoaren sariei dagokienez, lehenbizikoa Ana Indabururen “Sega mehetzen” argazkiak lortu zuen eta bigarrena Itsaso Elizagoienen “Santa Kruzeko zubia” argazkiak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun