Euskal Herriko Txinga Erute Txapelketa jokatuko da Iturenen

TTIPI-TTAPA 2011ko uztailaren 15a

Uztailaren 11n jantzi zuen Sousak Nafarroako txapela. Utzitako argazkia

Euskal Herriko Emakumezkoen txapela dago jokoan

Uztailaren 17an, igandea, Euskal Herriko Emakumezkoen Txinga Erute txapelketa jokatuko da Iturenen. Arratsaldeko 18:00etatik aitzinera jokatuko da Iturengo plazan. 25 kiloko txingekin ahalik eta plaza gehien egiten dituenak jantziko du aurtengo txapela.

Araba eta Nafarroako parte hartzaileak soilik izanen dira. Arabako ordezkariak Ana Mari Berasategi eta Nicola Gulova izanen dira. Nafarroakoak berriz Xanta Sousa eta Estitxu Almandoz lesakarrak. 

Sousak uztailaren 11n, astelehena, irabazi zuen Iruñan jokatutako Nafarroako txinga erute txapelketa eta Almandozek bigarren postua lortu zuen. 

Txinga erute txapelketaz gain aizkora erakustaldia eta harrijasotze erakustaldia ere izanen dira ikusgai. Aizkoran Ander Erasun eta Jon Rekondo ariko dira eta harrijasotzen Xabier Ariztegiren erakustaldia izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun