Udarekin batera loratu dira eskualdeko artisten lanak. Hiru margolarik euren lanak izanen dituzte ikusgai uda honetan. Trini Mikelarenak beratarrak iadanik zabalik du erakusketa. Santiago Jorge lesakarrak eta Tomas Sobrino elizondoarrak uztailaren erdi aldetik aitzinera izanen dituzte ikusgai erakusketak.
Trini Mikelarenak Hondarrabian du erakusketa, bere lanen artean, marrazkiak, akuarela eta pastel arte lanak jarri ditu Armi Galerian. Uztaila eta abuztuan ikusteko aukera izanen du Hondarrabira hurbiltzen denak.
Santiago Jorge lesakarrak, uztailaren 15etik 29ra izanen du margo erakusketa Etxalarko Kultur Etxean. Egunero egongo da zabalik, astelehenetik larunbatera 10:00-13:00 eta 17:00-19:00 ikusi ahalko dira margolanak. Igande eta jai egunetan aldiz 10:00-13:00 egongo da zabalik. Uztailaren 15ean, 19:00etan zabalduko ditu ateak eta hurbiltzen den jende guztiarentzat luntxa egonen da.
Uztailaren 21etik abuztuaren 28ra egonen dira ikusgai Tomas Sobrinoren margolanak Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean. Astelehenetik ortziralera 18:00-21:00 joan ahalko da ikustera. Larunbat eta igandeetan aldiz goizetan 11:30-13:30 eta arratsaldetan 18:00-21:00.