Iruñeko Sanferminen barruan egiten ari diren herri kirol txapelketetan eskualdeko hainbat kirolari ari dira lehian. Unai Bertiz sunbildarrak irabazi zuen uztailaren 8an, ortzirala, jokatu zen Nafarroako harrijasotze txapelketa. Bi mintutuko txandetan 125 kiloko zilindroarekin, 112,5 kiloko harri kubikoarekin eta 100 kiloko bolarekin aritu behar izan zuten parte hartzaileek. Bertizek lehen postua lortzeaz gain Nafarroako errekorra egin zuen, guztira 6.562 kilo jasoz. Zilindroari 23 altxaldi eman zizkion, kubikoari 15 eta bolari 20.
Bigarren egin zuen Josetxo Urrutia leitzarrak, 5.787 kilo jasoz. Guztira, zilindroari 21, kubikoari 12 eta bolari 17 jasoaldi emanez. Hirugarren geratu zen Xabier Ariztegi ‘Santxin’ etxalartarra. Zilindroari 19 altxaldi, kubikoari 11 eta bolari 14 jasoaldi emanez. Guztira 5.012,5 kilo jaso zituen Etxalarkoak.
Xanta Sousa lesakarra txapeldun txinga erutean
Nafarroako emakumezkoen txinga erute txapelketa jokatu zen uztailaren 11n, astelehena, Iruñan. Lehen bi postuetan lesakarrak geratu ziren, txapela Xanta Sousak jantzi zuen. Esku banatan 25 kiloko txingekin berak egin baitzituen plaza gehien, guztira 26 plaza eta 1,50 metro burutuz.
Bigarren postua Estitxu Almandozentzat izan zen. Honek 12 plaza ¼ eta 1,50 metro egin zituen. Hirugarren postuan Maika Ariztegi iturendarra sailkatu zen 10 plaza eta erdi pasata eginda. Nerea Sorondo beratarrak 9 plaza eta erdi egin zituen, proba laugarren postuan amaituz.