Aintzira eta karrikako beste ondotik, laster Amotzekoak

Franck DOLOSOR 2011ko uztailaren 8a

Franck DOLOSOR

Bertze urte batez herriko bestak xarmanki iragan dira eta jende gehiena igande eguerdiko senpertarren bazkarian eta astearteko primetan, kantonamenduko abere zoingehiagokan bildu da. Egun hortan, ile xuriak ziren nagusi baina aipagarria da herriko zonbait gaztek ere parte hartu zutela laborari izateko hautua egin baitute, hauen artean Mathieu Karrikaburu Motxo eta Kamieta­ko­ bi anaiak, Emmanuel eta Ramuntxo Bereau. Adinekoek bezala, gazte hauek ere beren behi, miga, ardi eta behor ederrenak erakutsi zituzten laborarien eta natura maite duten plazerrarentzat. Bertzalde, Zarena Zarelako dantza konpainiak eskaini zuen Goazen ikusgarriak ere ikusle multxo ederra bildu zuen eta horko dantzariek, hauen artean bortz senpertar, esku zarta zaparrada haundia en­tzun zuten publikoak zinez gustukoa izan baitzuen agerraldi hori. He­rritarrek txalo gehiago eskaini zuten jakin zutelarik agorrilean San Frantziskon aurkeztuko dutela Goazen bidaiatzerat gomitatzen duen dantza ikusgarri original bezain­ erritmotsua. Aintzirako eta karrikako besten ondotik, orain Amo­tzekoen aldi­ izanen da uztailaren 13tik 17rat. Egun horietan izanen da hor animazio andana, bertzeak bertze, Maitena Monaco eta Erramun Martikorena kantarien bozak­ entzuteko parada besten azken egunean arratsaldez. Uztai­laren 14an besta nazionala ospatzen da Frantzian. Euskal Herrian gogoratzen da egun hortan euskal ikurrina agertu zutela Bilbon lehen aldikoz... eta Amo­tzen ahate jokoa eginen dute aurten ere egun hortan auzo hortako gazteek. Bakoitzak bere bes­ta!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun