Denboraldia agurtzeko egun handia ospatu zuen Erreka Kirol Elkarteak ekainaren 18an. Bezperan ere izan ziren zenbait ekitaldi, elkarteko bortz kidek Ekuadorko Andeetara egindako mendiko espedizioari buruzko proiekzioa eta mus txapelketa, erraterako. Mus txapelketan 30 bikote aritu ziren eta Jon Apeztegiak eta Aritz Baleztenak eskuratu zituzten bi urdaiazpikoak, finalean Leire Amoros eta Lander Erkiziari irabazita. Baina egun handia larunbata izan zen. Goizez, kategoria ttikietako neska-mutikoak aritu ziren eskubaloian eta judo eskolakoek ere erakustaldia eskaini zuten. Arratsaldez, eskubaloiak segitu zuen eta ikusmin handiko partidekin gainera. Lehenik, mutiko kadeteak aritu ziren eta gero, Erreka B taldea, garai bateko jokalarien kontra aritu zen. Azken hauek eskubaloian aritzea ez zaiela atzendu erakutsi zuten partida irabaziz. Gero, Errekako talde nagusia, talde handietan aritzen diren jokalariek osatutako Izarren ekipoaren kontra aritu zen. Etxekoek 29-44 galdu zuten. Dantza taldeak ere eskaini zuen bere emanaldia eta arratsean bestak segitu zuen Santa Luzia plazan, afariarekin eta Jalisko Band taldearekin izandako gaupasarekin. Afalondoan, Errekaren himnoa sortu zutenei, Joxe, Ainhoa, Cecilia, Mariñe, Zunzarren eta Mikel Rekarteri omenaldia eskaini zitzaien. Aipatu, bertzetik, Errekako Jabier Apeztegia eta Iñigo Oskoz Euskadiko txapeldun izan direla Nafarroako eskubaloi selekzioarekin kadete mutiletan. Jubenil nesketan, aldiz, Ana Mindegia doneztebarra ere Euskadiko txapedun izan da.