Funvera lantegiko LAB sindikatuak enpresa zuzendaritzaren jarrera salatu du, «batipat langile batzuekiko duen jarrera eta egindako kontratazio batzuetan hartu dituen kriterio batzuengatik». LABen erranetan, 47 langile kaleratzean, enpresak idatziz konpromisoa hartu zuen, 2014ra arte kontratazioak egin behar baziren, horiek kaleratutako langileen boltsatik eginen zituela. «Gure harridurarako –dio sindikatuak– enpresak espediente horretan ez zeuden langile batzuk kontratatu ditu berriki, espedienteko langile batzuk deitzekoak daudenean». Horren inguruan, enpresaren erantzuna «ez dutela langile hori enpresan eduki nahi» izan omen da. Gertakizun «larriak» dira hauek LABentzako, «are gehiago kontuan edukitzen badugu zuzendaritzak langile bat diskriminatu duela arrazoi pertsonal eta ideologia sindikal nahiz politikoagatik». Gaineratu du ez duela onartuko langileekiko bazterketarik, «gauza guzien gainetik pertsonak gara, gure bizitza eta duintasuna ditugunak, eta ez dugu onartuko handikeria bertzerik ez duten pertsonaia batzuk zakarra bezala erabiltzea, behar ez gaituenean zakarretara botaz».