Hiru urtez buelta eman du lan egoerak eskualdean eta bira hori okerrerako izan da. 2008koak baino aunitzez ere datu okerragoak dira oraingoak. Izan ere, duela hiru urte baino 519 langabe gehiago daude gaur egun Doneztebeko Enplegu Bulegoan izena emanak. 2008az geroztik igotzen joan da langabezia, historiako daturik altuenera ailegatzeraino, otsailean 1.215 langabe izatera, alegia.
Batzuek hilabeteak eta hilabeteak eta bertzeek urteak eta urteak. Langabeziaren zurrunbiloa horrela da. Lana egin nahi eta ezin. Langabezian daude, bai, baina ez horregatik geldirik. Gehienak saiatu dira lana bilatzen, eta segitzen dute. Baina krisi ekonomikoak lana kendu die eta ezin dute deus aurkitu. Horrelako 1.110 historia konta genitzake eskualdean, langabe bakoitzaren kasua desberdina baita. Ezaugarri bakarra dute amankomunean: lanik gabe daudela.
Azken hilabeteetan, beheranzko joera hartu du langabe kopuruak gure inguruan, eta duela hilabete batzuk langileak kaleratu ondotik, berriz jendea hartu duten enpresak ere badira. Baina joan den urtean garai berean, orain baino langabe guttiago zegoen. Lerro hauek idazterakoan eskura zeuden azken datuak maiatzekoak ziren, eta horien arabera, Doneztebeko Enplegu Bulegoan izena emandakoak 1.110 ziren. 2008an somatu ziren krisi ekonomikoaren lehenbiziko ondorioak eta geroztik, langabeziak nabarmen egin du gora. 2008ko maiatzean 591 langabe zeuden Doneztebeko Bulegoan, 2009an 968, 2010ean 1.094 eta aurten duela hiru urte baino 519 langabe gehiagorekin joan da maiatza. 2009ko martxoan gainditu zen 1.000 langaberen muga eta historiako langabe kopururik altuena aurtengo otsailean zenbatu zen: 1.215.
Maiatzeko datuei erreparatuz, zerbitzuen arloa da alde haundiarekin langabe gehien dituena: 671. Industria eta eraikuntza datoz gibeletik, 192 eta 144 langaberekin, hurrenez hurren. Lehendik lanik gabe zeundenak 80 dira eta 23 nekazaritzan. 25 urtetik gorakoak dira lanik gabe dauden gehienak, eta bereziki emakumezkoak: 495. Gizonezkoak 271 dira. 25 urtez beheitikoetan gizonezkoak dira langabe gehienak, 88, eta emakumezkoak 56.
LANGABEAK SOLASEAN
Jexux BIDEGAIN | Irurita
«Bat-batean enpresako erdiak kanpora bidali gintuzten, lana jeitsi zela erranez»
22 urtez aritu da lanean Jexux Bidegain (41 urte) Oronoz-Mugairiko Marmoles Baztan enpresan. «Azpi-azpitik hasi nintzen eta gero neurtzen ikasi eta obrak neurtzen hasi nintzen». Urteak egin zituen horrela, baina azken aldian gauzak okertzen joan ziren: «gauza ez zihoala ongi ikusten zen, eta bat-batean enpresako erdiak kanpora bidali gintuzten, lana jeitsi zela erranez. Ordura arte urte onak izan ziren, lanean gogotik aritu ginen». Horrela kontatu digu Bidegainek. Bera tartean zela, 17 lagun kaleratu zituzten abendu hasieran eta geroztik langabezian dago. Bere irudiko, «zortea dut eta ez dut deus ordaindu beharrik. Ez dut familiarik, pisu bat ordaindu nuen eta orain amak aguantatzen nauen bitartean berekin egonen naiz». Lana bilatzeko aukera haundirik ere ez du izan, eskiatzen ari zela lesio bat izan eta hezur bat hautsi baitzuen. Orain etxean laguntzen aritzen dela erran digu: «osabek behiak dituzte eta pixka bat laguntzen diet». Baina hainbertze urtez lanean egon ondotik, «arraroa» egiten zaio langabezian egotea. «Gaiari buruz solasten hasten naizenean, korapiloa jartzen zait», aitortu digu. Langabeziatik kobratzen duenarekin, hilabete hondarrera ailegatzeko arazorik ez omen du, baina lana da berak nahi duena. Gainera, ez dio sobera baikor begiratzen etorkizunari: «gauza nola dagoen ikusita...».
Isidro ETXEBERRIA | Lesaka
«Borrokatuz gero, fabrikan ez sartzeko beldurra du jendeak baina egin behar da»
Arcelor Mittal eta Zalain Transformados lantegietan ibilia da 25 urtez Isidro Etxeberria (48 urte), ebentual. Baina orain hiru urte «krisia zela eta» bidali egin zuten. Geroztik lanik gabe dago, inolako laguntzarik kobratu gabe. Deus jaso gabe egonik, familiari ematen dizkio eskerrak: «amarekin bizi naiz eta eskerrak, bertzela ez dakit zein egoeratan egonen nintzatekeen». Langabezian dago, baina ez, lana bilatzen saiatu ez delako: «curriculumak han eta hemen banatu ditut eta bat nekatu egiten da». Halere, orain itxaropen apur bat piztu zaio: «sindikatuekin berriz sartzeko saiatzen ari gara. Gaizki portatu da lantegia gurekin eta ea orain lortzen dugun». Bere hitzetan, «lehen lesakarrak eta ingurukoak sartzen ziren lantegian, baina orain kanpoko jendea hasten da, entxufe bidez». Lantegia Lesakan izanda, horren ondorioak somatzen dituzten herritarrek lantegian aukera beharko luketelakoan dago: «garai txarra da borrokatzeko, baina egin beharra dago. Borrokatuz gero, fabrikan ez sartzeko beldurra du jendeak, fabrikak jatekoa ematen duela eta ez dago inor borrokatzeko. Bai, fabrika hemen dago, baina kanpotarrekin, eta lesakar eta ingurukoak kanpoan». Beretzat garai «gogorrak» izaten ari direla ere aitortu digu: «nire bizitza airean dago». Baina badu lanerako gogoa, eta edozein lanetan ariko litzatekeela eta esperientzia baduela erran digu.
Kattalin PAUL | Zubieta
«Udalek eta Gobernuak neurriak hartu beharko lituzkete hemen lan eta bizitzeko aukera emanez»
Biologia ikasketak eginak ditu Kattalin Paulek (24 urte) EHUn, eta bigarren hezkuntzako irakasleen formazio masterra ere bai NUPn. Ikasitakoaren haritik, biologiarekin zerikusia duen lana nahi du, baina ez du lortzen. Bertze lanetan ibili den arren, maiatzaren 29az geroztik, langabezian apuntatua dago. Alokairuan bizi da eta esan digunez, «ez dut beste gastu aipagarririk. Asteburuetan ostalaritzan lan egiten dut eta hor irabazitakoarekin bizitzeko haina badut». Baina berak bertzelako lana nahi du: «egunero begiratzen dut Interneten eta curriculumak bidaltzen ditut. Halere, gehienetan lan hauek ez dute biologiarekin zerikusirik eta hori da bilatzen dudana». Krisi aurretik ere arlo honetan lana zaila zegoela aipatu digu eta «orain zailagoa» delakoan dago. «Egoerak ikasketak akitu eta berehala harrapatu nau, ez dut esperientziarik eta hori oso garrantzitsua da, lan eskaintza gehienek hori eskatzen baitute». Eskualdean lan arlo horretan dagoen gabeziaz ere aritu zaigu, «gutxienez Iruñea edo Irunera joan behar da zerbait harrapatzeko». Administrazioei ere zuzendu zaie: «eskualdeak lan merkatua zabaltzea behar du. Gaur egun, edo 3. sektorean lan egiten duzu edo kanpora mugitu behar duzu, horrek dakartzan eragozpenekin. Udalek eta Gobernuak neurriak hartu beharko lituzkete biztanleei hemen bizi eta lan egiteko aukera emanez».
Mikel PERURENA | Goizueta
«Bost urtez lan eginda aurreztu dut baina ez dut atta eta amaren kontura bizi nahi»
Lanbide Heziketako Erdi Mailako mekanikari ikasketak egin zituen Mikel Perurenak Hernanin (24 urte) eta ikasketak bukatuta, bost urte eta erdiz Hernaniko ladrillo fabrika batean egin zuen lan. Azken urte eta erdian, ordea, lanik gabe dago: «20-30 ebentual ginen eta denak kanporatu eta ni bakarrik gelditu nintzen. Beste zortzi bat hilabetez segitu nuen baina lanean ari nintzela min hartu nuen». Bi hilabetez egon zen bajan eta «baja bukatutakoan, lanetik bidali ninduten». Krisia tarteko, kalte ordaina jaso eta etxera. Langabezian gelditu eta bizpahiru hilabetera hasi omen zen curriculumak banatzen, «baina alfer-alferrik», dio. «Batzuk deituko dutela esaten dute eta ez dute egiten eta besteek ez dute curriculuma hartzen ere eta nahiago horrela, gutxienez erantzuna badakit». Orain arte langabezia kobratu duen arren, uztailetik aurrera hori ere bukatu zaio. Kontatu digunez, gurasoekin bizi da eta «juerga eta autoa» kenduta, gastu adierazgarririk ez omen du eta ekonomikoki ere ez omen dago gaizki: «bost urtez lan eginda aurreztu egin dut, baina ez dut atta eta amaren kontura bizi nahi». Lana bilatzeko sobera itxaropenik gabe dago eta bitartean, attari ardiekin laguntzen segitzeko asmoa du. Halere, argi du hortik ezin duela aurrera atera: «gizarte segurantza edukitzeko lana egin behar da eta gazteak bere soldata nahi du».