«Publikoa dantzara eraman nahi dugu aldarriak eta ama hizkuntza atxikiz»

Gurutze PIKABEA 2011ko uzt. 5a, 16:28

Mizel Zamora senpertarrak hainbat musika tresna jotzen ditu, argazkian tronpetarekin. Utzitako argazkia.

Mizel Zamora (Senpere) eskusoinua, tronpeta eta tronboiarekin; Peio Iziaga (Ezpeleta) aho­tsa­; Ortzi Hegoas (Miarritze) bateriarekin; Txo­min Dhers (Urruña) teklatuarekin; Amaiur Cos­carat (Miarritze) baxuarekin; Patxi Bidart (Baigorri) gaita eta saxofoiarekin; Maitena Beheran (Donibane Lohizune) ahotsa; eta Pierre Balacey (Luhuso) eta Sebastien Sedes (Makea) gitarrarekin. Lagun talde honek osatzen du Xutik musika taldea. 2008an sortu zen eta duela gutti euren lehendabiziko diskoa kaleratu du: Mukaki Zpirit.

Xutik taldea Zpeiz Mukaki taldearen bidetik sortua da, ezta?

Bai, Xutik taldearen oina­rria Zpeiz Mukaki da. Zpeiz Mukaki taldearekin 2006an hasi ginen, herriz herri, Euskal Herri osoan ibiliz, elektro-txaranga batekin, zortzi dan­tzari ero eta alaitsurekin ondoan eskoziar gona bat soinean. Freskura apur bat ekarri nahi ginuen euskal dantza tradizionalei, bereziki musi­ka aldatuz. Rock, punk eta ska musika estiloekin dantzarazten genituen gure inguruak eta gure lagun dantzariak. Gure artean harremanak sortu dira eta nahi ginuen eszena tokiko abentura bat hasi, hortik sortu da Xutik 2008 urte bukaeran. Hainbertze urtez ber­tsioak jo eta gero, gure kan­tuak egin nahi genituen. Sorkuntza lana ezezaguna genuen baina hala ere, proiektu hortan sartu gira.

Zein helbururekin sortu zenuten taldea?

Zpeiz Mukakiren izpirituarekin, erran nahi da gure publikoa dantzara eta mugimendura eraman nahi dugula. Beti atxi­kiz gogoan gure alda­rriak eta gure ama hizkuntza.

Ipar Euskal Herriko hainbat txokotako kideak bildu zarete...

Lehenik, musika talde bat izan aitzin, lagun talde bat gira. Horrek gure artean lotzen gaitu. Gero­, gure nahia jendea dan­tzaraztea da, mugiaraztea erritmo goxo batzuekin batzuetan, bortitzagoekin bertzeetan. Gure ama hizkuntza eta gure aldarriak adieraziz kon­tzerturo.

Orain artekoaren zein balantze eginen zenuke?

Kontzertu anitz egin ditu­gu. Ekainaren 21ean Musikaren besta kari, Baionan egin genuen kontzer­tua gure 58garrena zen. Eszena eta kalea gure mundu da. Plazer haundia hartzen dugu taularen gainean. Gehienbat Iparraldean egin ditugu kontzertuak momentuko (hirulaurdenak), baina geroz eta gehiago Hegoaldean joko dugu.

Nolako diskoa da Mukaki Zpirit?

Denetako musika estiloak badira disko horretan, baina beti musika alaia. Erran nahi dut gure soinuetan kumbia goxo batetik (Has bizi), ska-ra (Galdua), rock gogor batetik pasatzean (Nun) eta disko/pop estiloa (Badoa) ageri dira. Gure musika oso eklektikoa da eta denei zuzendua. Bertzetik, eguneroko bizian hartutako gai desberdinak aipatzen ditugu, hunkitzen gaituzten gaiak dira, errealitate politikoa, kulturala, besta...

Zergatik izen hori?

Oso zaila da esplikatzea, baina erranen nuke pasibotasuna haustea dela. Bazterrak harrotzea, umorea, dantza eta harremanak sortuz. Alaitasuna eta umore ona hedatzea.

Zer moduzko harrera izaten ari da diskoa?

Orain arte diskoaren inguruan izan ditugun kriti­kekin gustura gelditu gira. Batzuek gogoko, ber­tzeek guttiago, baina kriti­ka guziek aitzinera pausoak eginarazten diz­ki­gu­te.

Nolako uda heldu zaizue?

Agian beroa eta alaia! Zuzenekoetan hasiak gira eta poliki-poliki kontzertuen lotzen ari gira.

Nola ikusten duzue etorkizuna?

Gerora begira ez dugu au­rreikuspegirik. Poliki-po­liki bagoaz. Ideia eta proiektu anitz ditugu eta talde bezala, bakoitza aztertzen eta eztabaida­tzen dugu. Lehenago erran bezala, musikariak izan aurretik lagunak gira eta etorkizunera begira lehenik gure laguntasun hori babestu eta indartu nahi dugu. Musikari dagokionez, gure diskoa zuzenean aurkeztu ondotik, ea bigarren batean murgiltzen giren!

DISKO BERRIA

«Denetako musika estiloak badira Mukaki Zpirit diskoan, baina beti musika alaia. Gure soinuetan kumbia goxo batetik, ska-ra, rock gogor batetik pasatzean eta disko/pop estiloa ageri dira. Gure musika oso eklektikoa da eta denei zuzendua. Eguneroko bizian hartutako gai desberdinak aipatzen ditugu eta hunkitzen gaituzten gaiak dira, errealitate politikoa, kulturala, besta...»

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun