Uztailaren 3an, larunbata, jokatu zen Iparraldeko Joku Torneoaren hirugarren eta azken jardunaldia Betelun. Eskualdeko hainbat kirolari izan dira bertan eta emaitza onak lortu dituzte, bai kanporaketan eta baita sailkapen orokorrean ere.
Hirugarren jardunaldian lokotx biltzen lanik onena Andoni Lasaga etxalartarrak egin zuen. 50 lokotx sei minutu eta 35 segunduan bildu zituelarik.
Ingude Altxatzen onena Lazaro Bujan leitzarra izan zen. 57 jasoaldi eman zizkion 18 kiloko indueari minutu batez. Hirugarren egin zuen Patxi Baraibar leitzarrak 50 jasoaldirekin.
Harri jasotzen Xabier Ariztegik egin zuen lan onena. Guztira 3.275 kilo jaso zituen, zilindroari 11 jasoaldi eman zizkion, kubikoari 8 eta bolari 10. Bigarren izan zen Josetxo Urrutia leitzarra izan zen 3.125 kilo altxatuta. Harri zilindroari 9 altxaldi eman zizkion, kubikoari 8 eta bolari 11.
Lasto altxatzen Oskar Telletxea eta Xabier Galarregi, Igantzi eta Etxalarkoak egin zuten denborarik onena. 45 kiloko lasto fardoari 18 altxaldi emateko minutu bat eta 52 segundu behar izan zituzten. Segundu bat gehiago behar izan zuten Karlos Sein eta Arkaitz Retegi igantziarrek. Hirugarren postuan geratu ziren Iñaki Bereau eta Eneko Telletxea igantziarrak bi minutu eta 22 segunduko denbora eginez.
Txingak garraiatzen onena Miguel Angel Sukuntza leitzarra izan zen 899 metro egin zituen leitzarrak esku banatan 40 kiloko txingekin. Bigarren izan zen Patxi Baraibar leitzarra 450 metro burutuz.
Sailkapen Orokorra
Hiru jardunaldi jokatu ondotik sailkapen orokorra honela geratu da:
Lokotx biltzen Fernando Etxegarai izan da nagusi 12:09:22ko denborarekin. Bigarren Andoni Lasaga izan da 13:04:85eko denborarekin. Modalitate honetan jokatu dituzten hiru jardunaldietako bi denborarik onenak hartu dira kontuan puntuatzeko orduan.
Harri jasotzen lehen sailkatua 168 jasoaldirekin Lazaro Bujan leitzarra izan da.
Lasto altxatzen Sein-Retegi bikoteak egin du denborarik onena, bikote igantziarrak guztira 5:31:31ko denbora egin baitu hiru jardunaldietan.
Miguel Angel Sunkuntza leitzarra izan da txingak garraiatzen metro gehien egin dituena. 2.663 metro egin ditu hiru jardunaldietan.