Huarteko Euskal Jai pilotalekuak San Ferminetako erremonte torneo erakargarria hartuko du uztailaren 6tik, asteazkena, 9ra larunbata. Lau bikotek jokatuko dute eta guztira lau jaialdiko feria izanen da. Torneoko protagonista izanen dira eskualdeko pilotariak, jokatuko duten denak nafarrak dira eta gehienak eskualdekoak.
Lau bikoteek ligaxaka bidez jokatuko dute torneoa. Uztailaren 6an, asteazkena, lehen jardunaldiko bi partidak jokatuko dira, Urriza-Etxeberria III.ak Uterga-San Miguelen aurka ariko dira lehendabizi. Ondotik Ezkurra-Lizaso eta Urtasun-Urrutia izanen dira aurrez aurre.
Ortzegunean, uztailaren 7an, irabazleek galtzaileekin neurtuko dituzte indarrak. Uztailaren 8an, ortzirala, asteazkeneko bi irabazleek eta bi galtzaileek elkarren aurka jokatuko dute. Torneoko finala uztailaren 9an, larunbata, jokatuko da eta ligaxkako lehen bi sailkatuak izanen dira protagonistak.
Torneoko partiden aitzinetik buruz buruko txapelketako atariko faseko partidak jokatuko dira.