Udaberriko martxari eutsi eta langabetu kopurua pixkanaka jausten ari da eskualdean uda hasiera honetan ere. 1.046 langabetu zeuden ekain hondarrean Doneztebeko Enplegu Bulegoan izena emanak, maiatzean baino 64 guttiago (%5,77ko jautsiera, Nafarroako %2,51ko banaz bertzekoaren gainetik eta bulego guzien artean handiena). Ekainean 481 kontratu gauzatu dira Doneztebeko Enplegu Bulegoaren bitartez, baina horietatik 35 bakarrik izan dira mugagabeak.
Adina eta sexuari dagokionez, 25 urtez goitiko gizasemeen artean beheiti egin du langabeziak, 471tik 428ra jautsi baita langabetu kopurua ekainean, baina adin tarte horretako emakumeen artean, aldiz 495etik 498ra igo da. 25 urtez beheitikoen artean beheiti egin du langabeziak. Adin tarte horretako emakumeetan 56tik 38ra jautsi da eta gizasemeetan, 88tik 82ra.
Lan arloei dagokienez, zerbitzuen arloak jarraitzen du langabe gehien izaten. Halere, ekainean 671tik 644ra jautsi da langabetu kopurua. Industria arloan ere jautsi egin da 192tik 167ra. Eraikuntzan ere jautsi da, maiatzeko 144tik 141era. Nekazaritzan, ere bi lagun guttiago daude lanik gabe, 21, eta aitzinetik lanik egin ez dutenen artean ere, 73 lagun daude langabezian, maiatzean baino 7 guttiago.