Eguraldi ederra lagun, Realeko Genaro Taldeak eta Osasunako Bortzirietako Gorriak peñak antolatutako lehen ibilaldi arautua egin zen ekainaren 5ean. Alkaiagako frontoitik hasi eta Lesakako Koxkila ostatura arteko bidea egin behar izan zuten parte hartzaileek.
13 bikotek hartu zuten parte eta bertan irabazle Berako Eulalia Garmendia eta Faustino Errandonea senar-emateak izan ziren, hauek izan baitziren, 2 minutu eta 28 segundoko gora beherarekin, 2 ordu eta 22 minutoko bataz bertzeko denborara gehien hurbildu zirenak.
Indarrak hartzeko, ibilbidean zehar pare bat janari/edari postu izan zituzten. Bertzalde, ibilaldiaren bukaeran luntxa eskaini zitzaien parte hartzaileei eta ondotik bi peñetako kideek anaiarteko bazkari batean senidetze ekitaldi bat egin zuten eta bukaera aldera elkarri oroigarriak banatu zizkieten. Bi peñak elkarlanean antolatzen duten lehen ekitaldia izan zen ibilaldi arautuarena. Aurtengoa ikusiz, hurrengo urtean berriz ere errepikatzeko gogoa adierazi dute antolatzaileek.