Haurren dantza ikusgarriarekin urte osoko ikastaldiak bururatu zituzten euskal dantzariek maiatzaren 27an. Orain udako animazioak prestatuko dituzte Zirikolatzeko kideek ikusgarriak eskainiz errebote nagusian astearte gau guziz. Urte osoan ikasi dituztenak erakutsiko dituzte hor, eta gainerat bertze taldeei ongi-etorria eginen die: Hiriburuko Leinua uztailaren 26an, Uztaritzeko Izartxo agorrilaren 9an eta Gabadiko dantzariak abuztuaren 23an.
Bertzalde, Ezpeletan ospatuko den Gauargi nazioarteko haur dantzarien festibalaren karietarat, ikusgarri bat Senperen eskainia izanen da uztailaren 19an. Kari hortarat, mundu osoko gaztetxo horiek aterpetzeko familiak miatzen dituzte oraino gure herrian. Azkenik, berriki sortu den helduen euskal dantzarien taldeak ez du ikusgarririk eskainiko uda huntan aitzineko aleetan aipatu bezala. Oinetakoak berriz jantzi dituzten dantzari ohiak ez dira oraino prest jende aitzinean agertzeko baina ez dute amore eman nahi eta udazkenean karraskan eta burubelarri ariko dira lanean sorpresa bat prestatzeko.