Nafarroako Hezkuntza Departamentuak 838.152 euro bideratuko ditu 26 ikastetxe publikotako energiaren eraginkortasuna hobetzeko

TTIPI TTAPA 2011ko ekainaren 24a

Eskualdeko lau ikastetxek jasoko dute diru laguntzaren zati bat

Nafarroako Hezkuntza Departamentuak 838.152 euro bideratuko ditu 26 ikastetxe publiko birmoldatzeko obrak burutzeko. Helburua energiaren eraginkortasuna hobetzea izanen da. 26 ikastetxe horietatik, eskualdeko lau dira diru laguntza horren zati bat jasoko duten ikastetxeak. Arantzako ikastetxe publikoa, Baztango San Francisco Javier ikastetxea, Igantziko ikastetxe publikoa eta Doneztebeko Mendaur institutua.

Ikastetxe horietako eraikinak udalarenak dira, beraz, zenbatekoa herri horietako udalei laguntza gisa emanen zaie. Diru laguntzeko aurrekontuaren %65 eta %100 artean ordainduko du kasu bakoitzaren arabera.

Honako lan hauek egiteko izanen dira diru laguntzak: kanpoko egurrak ordezkatu, galdara gela egokitu, argiak berritu, fatxadako isolamendua hobetu eta girotzeko sistemak jarri.

Lanek uztailaren 31rako hasita egon beharko dute eta 2011ko azaroaren 1erako amaituko dira. Justifikatzeko agiriak azaroaren 30a baino lehen aurkeztu beharko dituzte ikastetxeek Hezkuntza Departamentuan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun