Izarne, Haritz, Amagoia eta Naroak ez dute hurrengo ikasturtea herriko eskolan hasteko aukerarik izanen. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailak dagoeneko hartua du 2011/2012 ikasturtean eskola ixteko erabakia eta litekeena da Doneztebera joan behar izatea.
Maiatz hondarrean, Eratsun, Saldias, Beintza-Labaien, Zubieta eta Iturengo udal ordezkariak Alberto Catalan Hezkuntza kontseilariarekin eta departamentuko zuzendari nagusia den Patxi Esparzarekin bildu ziren. Eskola ttikien egoeraz mintzatu ziren eta tartean, Eratsungo eskolaren etorkizunaz. Horren harira, Pedro Deskarga orduan alkate zenak TTIPI-TTAPAri esan dionez, «hurrengo ikasturtean eskola itxitzat jotzen dute». Halere, «urte batez itxita egonagatik, gerora berriz irekitzen ahal dela esan digute», gaineratu digu. Hori esanagatik, Deskargak gogoan du inguruko herrietan eskolak itxi izan direnean ez direla berriz ireki. Bide beretik jo du Mikel Gereka Malerrekako eskoletako koordinatzaileak ere: «Nafarroan ez da eskola itxi eta berriz ireki den kasurik ezagutzen».