TTIPI-TTAPAren Hego Euskal Herriko eremuan dauden 25 udalerrietatik 18k 21.395.000 euroko zorrekin itxi zuten 2010a. Hala ondoriozta daiteke Espainiako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Ministerioak aurten argitaratu dituen datuetatik. Datu hauek 2010eko abenduaren 31koak dira eta 2009 hondarrean iturri berak emandako datuekin konparatuz, 106.000 euro gehiago zor dituzte inguruko udalerriek.
Hainbat arrazoi egon daitezke udal bakoitzaren zor mailaren gibelean: finantzazio desegokia, azpiegituretan obra haundiak egin izana... Zorrik ez izatearen arrazoia, berriz, inbertsiorik egin ez dutelako ere izan daiteke.
Zorrik haundiena herri haundienetan
Txostenaren arabera, zorrik haundiena dutenak herririk haundienak dira. Baztan dago lehen postuan 2009 hondarrean baino 240.000 euroko zor haundiagoarekin. Gibeletik du Lesaka aitzineko urtean baino 724.000 euro haundiagoko zorrarekin. Leitza hirugarren 394.000 euroko zor ttikiagoarekin eta ondotik Bera, 2009an baino 120.000 euroko zor ttikiagoarekin.
Dena den, biztanleria kontuan hartuz Zugarramurdi (3.321 euro biztanleko), Lesaka (1.994 euro biztanleko), Areso (1.181 euro biztanleko), Urdazubi (1.114 euro biztanleko) eta Baztan dira (1.031 euro biztanleko), hurrenez hurren, zorrik haundiena dutenak. Eta diru sarreren arabera ere aldatu egiten da kontua. Ez baita berdina diru sarrera haundia duten udal batzuek zor altua izatea, edo sarrera ttikiagoa dutenek (zerga guttiago, adibidez) zorra izatea.
Zorrik ez dutenak zazpi dira
2009ko abenduaren 31n zortzi ziren urtea zorrik gabe itxi zuten udalerriak: Arano, Beintza-Labaien, Donamaria, Ezkurra, Goizueta, Saldias, Urroz eta Zubieta. Aldi honetan, ordea, zazpi dira zorrik ez dutenak. Urroz da zorrik gabe egotetik biztanle bakoitzeko 242 euroko zorra izatera pasatu dena. Gainerakoek berdin segitzen dute. 2008 hondarrean Elgorriaga ere euro bakar bateko zorrik ez zuen herria zen. 2009an, ordea, 10.000 eurokoa zuen eta 2010ean 3.000 eurokoa.