Nafarroako Aldizkari Ofizialak ekainaren 21an argitaratu zituen 2011-2012 denboraldirako ehizarako debekuak. Nafarroarako bortz denboraldi hasiera markatzen ditu ehiza motaren arabera. Debekualdi erdia abuztuaren 15ean, hasiko da; ehiza larria irailaren 4an, usoaren eta birigarroarena urriaren 1ean, oilagorrarena urriaren 9an eta debekualdi orokorra azaroaren 1ean hasiko da. Untxi asko dauden barrutietan ehizatzea baimendu da, kilometroko 2 ale edo gehiago egonez gero soilik eta basozainaren baimena beharko da.
Abuztuaren 6tik urriaren 9ra arteko larunbat, igande eta jaiegun guztietan ehizatu ahal izanen da. Abuztuaren 15etik aitzinera hasiko da debekualdi erdia eta denboraldi horretan galeperra, usapal arrunta eta basahatea ehizatu ahal izanen dira. Irailaren 11 arte ehizatu ahalko dira ortzegun, larunbat igande eta jaiegunetan. Ehiztari bakoitzak eguneko hamar galeper ehizatu ahal izanen ditu eta usapalak aldiz eguneko bi.
Irailaren 4tik aitzinera, ortzegun, larunbat, igande eta jaiegunetan ehiza larriko espezie nagusien denboraldia hasiko da Nafarroan. Basurdeen uxaldiak otsailaren 26ra arte egin ahal izanen dira eta orkatzarenak urtarrilaren 15era arte. Bertzalde, oreina eta adarzabala urriaren 9tik urtarrlaren 5era uxalditan ehizatu ahal izanen dira, horretarako soilik baimendutako guneetan.
Urriaren 1etik aitzinera postu finkotik hegazti migratzaileak ehitzateko denboraldi tradizionalari ekinen zaio. Abenduaren 8ra arte ehizatu ahal izanen dira, pagausoa, birigarro arrunta, birigarro txikia, garraztarroa eta durdula. Oilagorren salto-ehiza urriaren 9an hasiko da eta urtarrilaren 29an amaitu. Egunean hiru birigarro soilik ehizatu ahal izanen dira. Botatako piezak ezin izanen dira merkaturatu.
Debekualdi orokorra edo salto-ehiza xehearen denboraldia azaroaren 1ean hasi eta urtarrilaren 29an amaituko da. Debekualdi orokor horretako espezie nagusiak eper gorria, erbia, untxia, ur hegaztiak eta faisaia dira.