‘Bertzearen larruan jarri’ bideo lehiaketa antolatu du Bidelagun Elkarteak

TTIPI TTAPA 2011ko ekainaren 21a

Azaroaren 11n bukatuko da lanak aurkezteko epea

Boluntariotzako Europar Urtea dela aprobetxatuz, boluntariotza eta elkartasun edo solidaritatearen inguruan bideo lehiaketa antolatu du Bidelagun Elkarteak Bertzearen larruan jarri izenburupean. Baztan, Bertizarana, Malerreka eta Bortzirietako 14 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzendua dago lehiaketa eta azaroaren 11 arte izanen da lanak aurkezteko epea. Sari potoloak banatuko dira. Izan ere, lehendabiziko saria 400 eurokoa izanen da, bigarrena 300 eurokoa eta hirugarrena 200 eurokoa.

Lehiaketa Bidelagun Elkarteak antolatu du, baina Lesakako ArcelorMittalen babesa izan du horretarako. Enpresan Nazioarteko Boluntariotza Eguna ospatu nahi izan zutenean, Bidelagun Elkartera jo omen zuten ArcelorMitaletik, elkartean egiten dutenaren berri jaso­tzeko. Geroztik proiektuan interesa agertu dutela adierazi dute Bidelagunetik.

Lehiaketaren inguruko informazio guztia www.bidelagun.com helbidean dago eskuragarri.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun