Europako kamioi gidari txapelketako karrera lehen aldiz irabazi du Javier Mariezkurrena doneztebarrak

TTIPI TTAPA 2011ko ekainaren 21a

Javier Mariezkurrena Nogaroko podiumean pozez gainezka, Europako txapelketan lehen garaipena lortu ondotik. Patxi APEZETXEA

Garaipen historikoa Nogaron (Frantzia) lortu zuen Truck Navarra taldeak

Krisia kamioi lasterketara ere ailegatu da. Horren ondorioz, Javier Mariezkurrena doneztebarra gidari duen Truck Navarra taldeak karrera guttiagoetan parte hartzen ari da aurten. Baina asteburu honetan Nogaron (Frantzia) taldearendako bigarren karrera zenean, garaipen historikoa lortu zuten Europako txapelketarako baliagarria zen proba lehen aldiz irabazita. Ez hori bakarrik: estatu mailako talde pribatu batek garaipena lortzen duen lehen aldia da eta estatuko kamioi gidarien artean ere, Europako txapelketako karrera bat irabazten duen bigarrena da Mariezkurrena, Antonio Albacete handiaren ondotik.

Asteburu historikoa, ekainaren 18an, larunbatean hasi zen Truck Navarra taldearentzat, beraientzat “etxeko” lasterketa denean, Nogaron. Izan ere, mugatik bi ordura dago zirkuitoa eta Nafarroatik jende aunitz joaten da ikustera, giro ederra sortuz. Lehenbiziko lasterketarako, aurten kamioi ofizialek duten mailarengatik lortzen arras zail dagoen superpolean sartzea lortu zuen Mariezkurrenak. Hamargarren denborarik onena lortu zuen eta parrillan postu horretan atera zen lehen karreran. 2003an Europako txapeldun izan en Stuart Olivier gidariarekin gogor borrokatu ondotik, hamargarren postu horretan akitu zuen lehen karrera.

Bigarrenean ere hamargarren postuan abiatu zen Mariezkurrena eta orduan Bugyrako Cris Levett gidariarekin izan zen borroka. Doneztebekoak, behin eta berriro saiatuagatik, ez zuen lortu aitzintzea eta postu berean sailkatu zen.

Igandeko sailkatze txandan berriz ere superpolean sartzea lortu zuen Mariezkurrenak, 9. denborarik onenarekin. Postu horretan abiatu eta karrera eder baten ondotik, zortzigarren postuan akitu zuen. Horrek, laugarren karreran lehen postuan ateratzeko eskubidea eman zion Mariezkurrenari.

Asteburuko azken karreran, lehen postu horretan abiatu eta irteera bikain baten ondotik, lehenbiziko bihurgunean lasterketa buruan sartzea lortu zuen Mariezkurrenak. 40 bat metroko aldea eskuratu zuen gainera, eta itzuliz itzuli, aldetxo hori mantentzen joan zen, helmugara lehen postuan sartu bitartean. Ez da harritzekoa gidariak, taldeak eta jarraitzaileek sentitu zuten poza. Aipatu bezala, garaipen historikoa izan zen, “dudarik gabe, honekin amesten genuen, baina ez genuen uste inoiz ailegatuko zenik, arras polita eta haundia da”, aipatu digute Truck Navarra taldetik.

Europako txapelketak bost proba eginak ditu dagoeneko, baina Mariezkurrenak bakarrik bitan hartu du parte. Halere, Europako kamioi lasterketa txapelketan hamabigarren postuan kokatu da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.

Egin TTIPI-TTAPAren lagun