Herriarteko pilota txapelketaren finala jokatzeko urrats handia eman du Doneztebek

TTIPI TTAPA 2011ko ekainaren 20a

Finalerdietako joanekotan 1-3 irabazi zion Baztani eta 31 tantuko aldea dauka

Doneztebek Nafarroako Herriarteko pilota txapelketaren finala jokatzeko urrats handia eman du asteburuan. Ekainaren 18an, larunbatean jokatu ziren finalerdietako joaneko partidak eta eskualdeko bi herriz izan ziren aurrez aurre Elizondon: joan den urtean herriarteko txapeldun izan zen Baztan eta Doneztebe.

Aipatu bezala, Doneztebek finalean sartzeko urrats handia eman zuen, lau partiduetatik hiru irabazteaz gain, 31 tantu alde dituelako.

Alebinetako partidan, Baztango Andoni Gaskue eta Ibon Irazokik 0 eta 18 galdu zuten Iker Salaberria eta Iraitz Zubizarretaren kontra. Lehenbiziko tantu borrokatua ikusita sinestezina dirudi emaitza honek, baina Doneztebekoek pilota aldatu eta jaun eta jabe izan ziren.

Infantil mailan ailegatu zen baztandarren garaipen bakarra, David Albiasu eta Sergio Oskozek 18 eta11 irabazi baitzieten Unai Telletxea eta Joseba Aldaberi.

Jubeniletan, Baztango Joseba Arizmendi eta Joseba Apeztegia 8 eta 1 irabazten hasi ziren, baina azkenean 15 eta 22galdu zuten Doneztebeko Mikel Maia eta Adur Lasaren kontra.

Senior kategorian, azkenik, Baztango Gaizka Otxandorena eta Toni Huartek 9 eta 22 galdu zuten Doneztebeko Beñat Oronoz eta Joseba Madariagaren kontra.

Finalerdietako itzulerako partidak heldu den larunbatean, ekainaren 25ean jokatuko dira Doneztebeko udal pilotalekuan, 10:00etatik aitzinera.

Eskualdeko herrien arteko finalerdia Doneztebek nahiko bideratua duela badirudi ere, bertze finalerdia, Uharte eta Iruñaren artekoa, hagitzez parekatuagoa doa. Bina partida irabazi dituzte eta Uhartek hiru tantuko aldea dauka bere alde.

Kontuak kontu, heldu den asteburuan jakinen da uztailaren 3rako iragarria dagoen finaleko protagonista izanen diren herrien izenak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun