Nafarroako Gobernuak landa eremuetako suaren erabilera mugatu du

TTIPI TTAPA 2011ko ekainaren 17a

Arrazoi fitosanitarioengatik soilik egin ahalko da sua

Nafarroako Gobernuak udari begira, landa eremuetan suteen prebentziorako neurriak argitaratu ditu. Arau hauek uda guztian iraunen dute, garai honetan suteen arriskua handitzen baita.

Bi klimagune ezarten ditu gobernuak iparraldekoa eta hegoaldekoa. Banalerroa honako tokiko erakunde hauek mugatzen dute: Ameskoako mugaketak, Urbasa-Andia, Goñiko Harana, Ollo, Arakil, Irurtzun, Imotz, Atez, Odieta, Anue, Iragi, Eugi, Zilbeti, Lintzoain, Gerendiain, Mezkiritz, Espinal, Burgete, Garralda, Oroz-Betelu, Garaioa, Abaurrepea, Abaurregaina, Jaurrieta, Esparza, Bidankoze, Erronkari eta Garde.

Nafarroa osorako debekuez gain, iparralderako eta hegoalderako desberdinak izanen dira. Sua egitea debekatua egonen da landa eremu guztian. Arrazoi fitosanitarioengatik soilik egin ahalko da eta soilik Nafarroako Landa Garapeneko Ingurumeneko Departamentuaren baimenarekin. Nafarroako iparraldean, aisialdi guneetan egokituta dauden lekuetan soilik egin ahalko da sua, baina hegoaldean debekatua egonen da.

Hegoaldean motordun ibilgailuek debekatuta izanen dute mendi pistetan ibiltzea, horretarako baimenik izan ezean.

Piroteknia materiala landa lurrean erabiltzea debekatuta dago. Herrietako jaietako ospakizunetarako Nafarroako Larrialdi Agentziari eman beharko zaie abisua eta antolatzaileek su itzalgailuak eskura izan beharko dituzte derrigorrez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun